GARA > Idatzia > Ekonomia

BBK-k mendeurrena bete, eta bere «historiako emaitzarik onenak" aurkeztu ditu

BBK-k ehun urte bete zituen atzo, eta Zuzendaritza taldeko 1.000 kide bildu ziren Euskalduna Jauregian. Emaitzen atalean, kutxak 251,5 milioi euroko sarrerak izan dituela azaldu zuten; %26,7ko hazkundea, beraz.

BBKren proiektuak mendeurrena bete zuen atzo. Atzo bezalako egun batean, duela ehun urte, Caja de ahorros Municipal de Bilbaok lehenengo bulegoa zabaldu zuen San Anton zubiaren ondoan. Geroago, 1990. urtean, Bizkaiko Aurrezki Kutxarekin bat egin, eta orduan BBKren ibilbidea hasi zen.

Lana eta ospakizuna uztartu zituen ekitaldia izan zen Bilbon Euskalduna Jauregian, bertan Zuzendaritza taldeko mila kide batzartu baitziren 2006ko emaitzak aztertu eta 2007ko aurrekontuak eztabaidatzeko.

Emaitzen atalean iaz izandako emaitza onak nabarmendu zituen aurrezki kutxak. Joan den ekitaldian 251,5 milioi euro irabazi zituen, eta horrek, iazkoarekin alderatuta, %26,7ko hazkundea izan dela erakusten du.

Irabazien hazkunde horretan eragile nagusia «bezeroen negozioak izan duen portaera ona" izan dela nabarmendu dute. «Sare guztietan gainditu egin dira helburuak eta gainera, partaidetzen zorroaren ekarpen positiboa ere biltzen da barruan", azaldu zuten atzo kaleratutako prentsa adierazpen batean.

Mozkinen igoera horren barruan, finantza-marjina %11,9 handitu dela eta oinarrizkoa %17,8koa dela -«590,3 milioi eurora iritsi da"- jakinarazi zuten.

Bestalde, ustiapen-gastuei eusteko egindako saioaren arrakasta ere nabarmendu zuten kutxako Zuzendaritza taldeko arduradunek. «%4,9 baino ez dira igo, nahiz eta erakundea hedapen geografikoko prozesuan buru-belarri ari den. Urtean beste 30 bulego ireki ditugu", azaldu zuten. Hala ere, eraginkortasun ratioa 5,5 puntu hobetu dela azaldu, eta %46,5ekoa dela esan zuten kutxako kideek.

Negozio-bolumena


Lorpenen artean, kaudimen-koefizientea ia bi puntu hobetu dela nabarmendu zuten Bizkaiko kutxako arduradunek, %20,3ra iritsi baita. «Hori horrela, BBK sisteman kaudimen handiena duen kutxa" dela nabarmendu zuten.

Bestalde, sare guztietan izan duen negozio bolumenaren portaera ere «bereziki positiboa" izan dela adierazi zuten batzarraren ostean. «%21,2 handitu da eta horren barruan aipatzekoak dira, batetik, kreditu-inbertsioa (17.081 milioi euro), %25,8ko hazkundea izan duena, eta bestetik, %17,9 hazkundea izan duten eta 22.106 milioi eurora iritsi diren kudeatutako baliabideak", argitu zuten kideek.

BBK-k garatu duen merkataritza jarduera ere aztergai izan zuten atzo Euskalduna Jauregiko batzarrean. Atal horretan, berrikuntzak bultzatzea eta pertsonalizatzea irizpide nagusiak izan direla azaldu zuten BBK-ko zuzendaritzako kideek eta zeregin horretan kokatu zuten 50 urtera arteko hipoteka berria, Hipoteka Partekatua edo nagusiei zuzendutako Bizitza Plana. Errentagarritasun handiko produktuak ere nabarmendu zituen kutxak merkataritza jardueraren barruan, hala nola, 12 Gordailua.

Mendeurreneko ospakizunak atzo abiarazi zituzten Bilbon egindako Zuzendaritza taldeko batzarrarekin, baina ekitaldi ugari etorriko dira datozen hilabeteetan, atzo iragarritakoaren arabera. «Ehun urteko bizitza" izenburua eramago dute ekitaldiek, eta hitzordu ezberdinez gain, abantaila gehiagoko baldintzak izango dituzten «mendeurreneko produktuak" eskainiko dituztela iragarri zuten atzo kutxako mandatariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo