GARA > Idatzia > Euskal Herria

Korrikari hats emango dion kanta eta bideoa kalean dira

Nortasunaren mintzairak aintzinera egin dezan korrikari helduko dio hilabete barru Euskal Herriak. AEK, aldiz, euskaltzaleen uholdea bilduko duen martxaren prestaketa lanetan erabat murgildurik dago. ereindako lanaren lehengo bi fruituak jaso zituen atzo AEK-k: Korrikaren abestia eta bideoa.

Oilarra izan ohi da Euskal Herrian goiztiarrena, bere kukurruku ozenak esnatzen baititu euskararen herriko ume, langile ikasle eta amonak. Esna daude jada Enkarterri bailarakoak, esna eta kirioak dantzan, laister baitute Korrikaren hitzordua.

Hurbil dugu jada Korrikaren 15. edizioa, datorren martxoaren 22an ekingo baitio bideari Enkarterrietan. Karrantzatik irtengo da 2.200 eskuk baino gehiagok oratuko duten Korrikaren lekukoa. Helmuga aldiz, Nafarroan izango du, Iruñean egingo baititu azken kilometroak euskaltzaleen uholdea bilduko duen martxa ezagunak.

Korrikaren prestakuntza lanetan erabat murgilduta badago ere, tarte bat hartu zuen atzo AEK-k, eta milaka kilometroetan zehar hats emango duen abestia eta bideoa eman zituen ezagutzera Donostian.

Niko Etxarten eta Hapa-Hapa tadeko musikarien eskutik etorri da aurtengoan Korrikaren kanta. Abestiaren ezaugarri nagusia erraz gogoratzeko erritmoa eta makina bat ahots izatea da. Besteak beste, Barricadako El Drogas kantari rockeroaren ahots sakonak eta Zuberoako Amaren Alabak taldeko abeslarien soinu goxoek egiten dute bat euskara erabiltzeko deia plazaratzeko orduan; euskara baita, abestiaren arabera, «nortasunaren mintzaira».

Xalbador ere aipagai

Abestiaren bideoklipa ikusteko beta ere izan zen atzo Koldo Mitxelena liburutegi donostiarrean egindako agerraldian. Bertan, abestia eta bideoa egiten aritu diren hamaika aurpegi ezagun bildu ziren lana aurkezteko xedez.

Oilarra da bideoklipeko hasieraren eta amaieraren protagonista. Izan ere, euskal herritarrak esnatzeko helburuz edo, bere kukurruku ozena Korrikaren etorreraren iragarle bilakatzen da.

Xalbadorren mezuak ere gaurkotasuna aurkitu du abestiaren erritmoan, «herria berdin gorputza, hizkuntza berdin bihotza» ekuazioa herriaren oihu bilakatu nahi izan baitu Korrikaren aurtengo abestiak. Horrekin batera, «nortasunaren mintzaira» mendi puntatik hasi eta kaleetaraino erabiltzeko gonbita luzatu du.

Bi bidai egiteko gonbita

Korrika 15eko bideoak, aldiz, Unai Iturriaga bertsolari bizkaitarra izan du gidoilari eta zuzendari lanetan. Bideoak, korrikaren aurtengo edizioak bezala, Karrantza du sorleku. Horrenbestez, bertako Pozalaguako kobazuluetatik bi bidai egiteko gonbita luzatzen dio ikusleari.

Lehen bidaiak, Korrikaren ibilbidea du ardatz: Karrantzatik abiatu eta Iruñea bitarte Euskal Herri osoan barna ibiliko da euskaltzaleen martxa ezagunena eta hunkigarriena. Bigarren gonbitak aldiz, «nortasunaren mintzaira» du helmuga.

Pertsona gramatikalak gidoiari hezurdura ematen dioten legez, hezur-haragizko pertsonak dira Korrikako bideoko protagonista nagusiak.

AEKn euskara eskolak emanez urte mordoa egin dituen irakasle bat da Ni pertsonaiaren protagonista, eta urteetako esperientzia ekartzen du gogora. Zu, berriz, Maialen Lujanbio bertsolaria dugu, zu eta ni-ari buruzko olerki baten egilea. Bera aldiz, euskaldun jaio ez diren makina bat euskal herritar dira. Kamara aurrean eseri eta euskara ikastera bultzatzen dituzten motibazio, interes edota kezkak plazaratzen dituzte kolore guztietako pertsona horiek. Gu Amaren Alabak taldeko kantari zuberotarrak dira, eta zuek, bideoa ikusten ari direnak.

Haiek, azkenik, ez dute aurpegirik merezi Korrikaren bideoan, euskararen eta euskaldunon kontrako adierazpenak baitira: Sanz eta bere hipotenusa eta kateto famatuak, Garzon eta AEK-ren aurkako erasoa... Hori bai, beraien gainetik eta beste oztopo guztiak gaindituz euskararen alde ekiteko deia egin nahi du bideoak.

Zapatilak jantzi, lekukoari gogogor eutsi eta korrikari ekin. Hori da aurtengo bideoaren gonbita.

Oihana LLORENTE

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo