GARA > Idatzia > Editoriala

Solaskide preziatua, Irlandan eta Euskal Herrian

Batasuneko ordezkaritza batekin bildu izanagatik EAEko Auzitegi Nagusiak PSEko buruzagien aurka harturiko erabaki larriak Euskal Herritik urrun harrapatu du uztaileko bilera hartako protagonista nagusietariko bat. Irlandan da Arnaldo Otegi, eta Albert Reynolds Irlandako lehen ministro ohiarekin elkarrizketa burutu zuen egunean jakin zuten bai berak bai bidelagun duen Pernando Barrenak ere PSEko ordezkariak deklaratzera deituko dituztela. Hots, duela aste batzuk Arnaldo Otegik, Juan Joxe Petrikorenak, Pernando Barrenak, alde batetik, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, bestetik, eginiko bidea zeharkatu beharko dutela Patxi Lopezek eta Rodolfo Aresek.

Bitxikeria baino gehiago da berri hori zabaldu denean Otegi eta Barrena Irlandan izatea. Bi mahaikideek zenbait bilera egin dituzte Irlandako bake prozesuan esku-hartze zuzena izan duten eragile ezberdinekin. Sinn Feineko lehendakari Gerry Adamsekin ez ezik, SDLPko buruzagi Sean Farrenekin ere elkartu dira. Eta zergatik azpimarratu azken bilera hori? Zirrikituz-zirrikitu, SDLP alderdia eta PSOE korronte ideologiko berean kokatzen direlako. Biak sozialdemokratak dira eta, hurbiltasun ideologiko hori baliatuz, EAEn Patxi Lopez buru duen alderdiak hartu-emanak izan ditu alderdi irlandarrarekin. Harrigarria benetan, biak ala biak sozialdemokrata izanda, zein egoera ezberdinetan murgiltzen diren SDLP eta PSOE. Lehenengo alderdiak Batasuneko mahaikideak solaskide gisa hartu zituen Belfasten, eta bigarrenak Alderdien Legea bultzatu zuenetik bost urtetara epaitegietan izanen ditu bere buruzagiak, Batasuneko ordezkariak solaskidetzat hartu izanagatik. Irlandan zein Euskal Herrian inork gutxik ulertzen du bakea eta demokrazia eraikitzeko bidean premiazkoa den solaskidea erasotzea. Edonola ere, epaileek harturiko erabakia batzuen eskubideak murrizterakoan guztien eskubideak zalantzan jartzen direla egiaztatzera dator. Auzitegia azalpen politikoak egiteko toki egokia ez bada ere, une aproposa da hau PSOEk mezu garbia eman dezan: iraganean ez bezala, aurrerantzean gogotik lan egingo duela egun bere larruan ordaintzen duen askatasun zapalkuntza egoerarekin behingoz bukatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo