GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herritik mila Kilometrora ordez, erdira izango da gaur Filipe Bidart, baina kalean

Atxilotu zutenetik hemeretzi urte betetzeko sei egun besterik falta direla, espetxetik irtengo da gaur Filipe Bidart. Haatik, ez da egiazko askatzea izanen, ezingo baitu bere herrira itzuli. Okzitaniako lurraldean bizi beharko du halabeharrez datozen zazpi urteetan.

Maria AIZPURUA

Azken urteetan gogotik aritu dira lanean Filipe Aska! komiteko kideak bere baldintzapeko askatasuna lortzeko. Zer eginak, ordea, ez zaizkie oraindik amaitu, nahiz eta gaur bertan, horrenbeste saiakera ostean, Clairveauxko goi-segurtasuneko presondegitik irtengo den azkenean. Gaurkoan, senide eta oso gertuko lagunak soilik izango ditu, zain, kanpoan.

Datorren larunbatean, berriz, Euskal Herritik joango dira, taldean, zuzenean harrera egin nahi diotenak. Bidaia, bertan egingo den ekitaldia, bazkaria eta gainontzekoak antolatzen buru-belarri ari dira komiteko kideak. Bertaratuko diren lagunen ongietorria, ordea, ez da benetakoa izango. Aspaldiko partez, Filipe ikusiko dute, besarkatuko dute, berarekin hitz egiteko eta mokadua jateko aukera izango dute, baina, arratsean, gogoz kontra bada ere, han utzi beharko dute, Filipek ezin izango baitu beraiekin batera Baigorrira itzuli.

Beziers hirian bizi beharko du datozen zazpi urteetan. Hori da epaitegiak, hamaika gora behera ostean otsailaren 1ean kaleratzea erabaki zuenean jarritako baldintzetako bat. Horregatik, askok diote askatzea baino, kaleratzea izango dela. Gaitz erdi, aspalditik eskubidez zegokiona eta behin baino gehiagotan ukatua izan zaiona onartu baitio Estatu frantsesak. Halere, dena esateko, ez erabat, fiskalak kasaziozko errekurtsoa aurkezteko zituen bost egunak aprobetxatu dituelako. Helegite horrek ez du, haatik, Epaitegiaren deliberoa suspenditu.

Bere aitaren esanetan, oraingoan ere Bidartek ez zuen espero bere eskaera onartua izango zenik. Hori adierazi omen zion, bederen, urtarrilaren hasieran egindako bisitan. Erabakia ezagutarazi zen egunean, Baionako herriko-etxearen aitzinean bildu zirenen artean ere, ezustea izan zen -zorioneko ezustea erreakzioak ikusita-. Han zeuden asko eta asko aspalditik ari ziren mobilizatzen euskal presoa askatua izan zedin, aldeko emaitzarik gabe.

Erdizkako poza

Iparretarrak erakundearekin zer ikusia izan zuela-eta, hainbat urte preso egondako Ttotte Etxebesterentzat, egun handia izango da gaurkoa. Laguna du Bidart, aspaldiko laguna, eta azken hamar urteotan, bera kaleratua izan zenetik, maizetan joan da ikustera.

Ttottek ere Filipe noizbait kaleratuko zutela espero zuen, baina ez zuen uste aldi honetan izango zenik. Kaleratzearekin «oso pozik» dagoen arren, «erdizkako poza» dela aitortu du, ezinezkoa egiten zaiolako preso geratzen diren gainerako militante guztiak espetxean jarraitzen dutela ahaztea.

Etxebestek nabarmendu du, Filiperen askatzearekin historiaren orri bat amaitu ote den galdetu izan diotela. Ez dela halakorik argitu du, horrela izatea nahiko lukeen arren, «aski sufrikario izan delako eta izaten jarraitzen duelako. Baina historiaren orrialde hori pasatzeko borondate politikoa behar da alde guztietatik eta ez naiz ziur benetan badagoen edo ez. Gainera, borrokak hor jarraitzen du, hasi zeneko arrazoiak hor segitzen dutelako, hain zuzen. Hortaz, poza bai, jakina, baina ez erabatekoa».

Naroa Gorostiagari, berriz, Filiperen askatzeak sentimendu bitxiak sortzen dizkio. Txikitan irakasle izan zuen Filipe eta espetxeratu zutenean zer gertatu zen ez zutela ulertu adierazi du. Gogoan du ikastolan Bidartekin zuten harremana: «Orduan haur gutxi ginen eta irakasleekin harreman oso estua genuen. Oroitzapen oso politak gorde ditut, esaterako, antzerkia egiten genuela edota abestiak erakusten zizkigula». Oraindik gogoan du Tunpindegiko Roxaliren kanta, Filipek irakatsitakoa.

Bidarten askatzeak oroitzapenak astintzeaz gainera, hainbat gogoeta eragin dizkio: «Izan ere, konturatzen naiz, gaur egun neure haurrek duten adina nuela Filipe atxilotu zutenean eta oso inpresio bitxia sortzen dit horrek». Heldutasunera iritsita, Bidarteri gertatutakoaren arrazoiak ulertu zituenez geroztik, Naroak beti ukan du bere berri. Larunbatean Beziersera joaterik izango ez duen arren, aurrerago egingo duela adierazi du. «Gogo onez ikusiko nuke berriro», dio.

Gaurtik aurrera, gogo onez ikusiko ditu Bidartek aspalditik ukatu zaizkion paisaiak eta bazterrak, nahiz eta, seguru asko, nahiago lukeen Euskal Herrikoak, Baigorrikoak, bere etxekoak, ikusi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo