GARA > Idatzia > Kirolak

PALA Modalitatea kinka larrian

Bi asteko ultimatuma bota du Fernando Gutierrezek

Erakunde publikoen laguntzarik gabe, Emanbilbok ateak itxi beharko dituela eta Euskadiko Binakako Txapelketa bertan behera geratuko dela adierazi zuen

GARA | BILBO

Pala kinka larrian dago aspaldian eta egun gutxi barru beste kolpe gogor bat jaso dezake. Izan ere, atzo Fernando Gutierrez Emanbilboko zuzendari orokorrak Radio Euskadin esandakoa betez gero, gaur egun dagoen pala profesionaleko enpresa bakarrak ateak itxi ditzake. Palista ohiak ultimatuma jarri zuen mahai gainean, eta «hamabost egunetan instituzioen laguntzarik jaso ezean» Emanbilbok ateak itxi beharko dituela esan zuen. Ondorioz, uneotan jokoan den Euskadiko Binakako txapelketa ere bertan behera geratuko litzateke.

Enpresari bizkaitarrak erremontearen adibidea jarri zuen, Nafarroako Gobernuarekin lortutako akordioaren ondorioz 200.000 euro jasoko baititu bi urtetan. Ildo horretan, antzeko bultzadaren bat jaso ezean pala desagertzeko bidean dela nabarmendu zuen.

Palari haize eta indar berria eman asmoz hartu zion Emanbilbok Eusko Basqueri erreleboa iazko udaberrian, baina ilusioak gutxi iraun du, urtea hastearekin batera arazo ekonomikoek kinka larrian jarri baitute enpresaren bideragarritasuna. Hasiera batean, pilotariei soldatak %30 jaistea eta koadroa murriztea proposatu zuen Fernando Gutierrezek egoerari buelta emateko, baina palistek ez zuten proposamena onartu. Pelotariek uztailera arte sinatuta dituzten kontratoak errespetatzea nahi dute. Horrenbestez, binakako txapelketa krisi bete-betean hasi zen. Orain, egoera lehertzeko zorian egon daiteke.

Bien bitartean, Aitor Totorika berriro pala bere gain hartzeko prest dagoela dioten zurrumurruak izan dira azkenaldian. Eusko Basquek esku, pala eta zesta jaialdiak antolatuko dituela esan zuen Julian Retegi Asegarceko kirol zuzendari kargutik kendu eta gutxira. Hori bai, palaren kasuan azpikontratazioak erabiliko zirela esan zuen.

Honen inguruan galdetuta, Fernando Gutierrez ezkor azaldu zen: «Pilotari batzuk oker daude. Totorika pala hartzeko prest dagoela uste dute, baina ez da hala». Emanbilbo sortu zenetik Eusko Basquerekin lankidetza hitzarmena du, baina Gutierrezek ez du uste enpresa hori berriz pala hartzeko prest denik.

Etorkizuna bermatzeko, erakundeen laguntza beharrezkoa dela uste du Gutierrezek. Bide horretan, Belen Greaves Bizkaiko Kultura diputatuarekin hainbat bilera izan berri ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo