GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Antolatu eta borrokatzea da gure alternatiba", esan dute Nafarroako hainbat gaztek

Gazteriaren eskubide-urraketen errudun jo zituzten atzo Nafarroako hainbat gaztek UPN, CDN eta PSN. Beren eskubideen alde lan egiteko asmoa adieraziz, Arbizun antolaturiko ekitaldia ezagutarazi zuten.

Jasone MITXELTORENA |

 

Nafarroako hainbat gaztek beraien eskubideen alde lanean segitzeko asmoa erakutsi zuten atzo. Martxoaren 10erako ekitaldi bat antolatu dute Sakanako Arbizu herrian eta ondotik, kontzertua izanen da Hesian, Banda Basotti, Obrint Pass, Leihotikan eta Tximeleta taldeekin.

Egitasmo horren aurkezpenean gazteriak pairatzen duen egoera salatu zuten, beraien eskubideak etengabe urratuak direla adieraziz. Horien alde borroka egiteko asmoa ere eraku- tsi zuten. Beraien hitzetan, «gure alternatiba antolatu eta borrokatzea da. Independentziaz bizi eta independentzia bizitzea. Gure eskubideen defentsa egin behar dugu, eskubideak ez dizkigutelako oparituko».

Gazteek bizi duten egoera salatu zuten: «Heziketa inposatua eta hierarkikoa jasotzen dugu, ezin dugu etxetik alde egin etxebizitza eskubidea ukatua zaigulako, hizkuntza eskubideak ez ditugu bermatuak eta horrek euskaraz ikasteko zailtasunak dakartza...». Gaztea eta ema- kumea izateak dakartzan zailtasunak ere oroitarazi zituzten. Bide berean, gazteen independentziarako beharrezkoak ikusten dituzten esparru autogestionatuak suntsitzea ere salatu zuten, UPN, CDN eta PSN erruduntzat joz.

Beraien aburuz, taldeok bertze arlotan ere oztopoak jartzen dituzte, «gu prekarietatera kondenatuz eta kriminalizatuz». Hala ere, gainerako alderdien ixiltasuna ere zuzeneko eragile bezala ikusten dute: «Gazteon borrokei bizkarra eman dieten sasi ezkertiar horiek, hala nola, Aralar, EA, Batzarre...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo