Hiriburuko Herriko Etxeak A-63aren gainetik pasabide estali bat egiteko eskatu du
A-63 autobidea zabaltzeari buruzko eztabaida publikoa egiten ari dira egunotan. Hiriburuko Herriko Etxeak eta ADRA elkarteak herrian pasabide estali bat egiteko eta zarata murrizteko baliabide gehiago ezartzeko eskatu diote autobidearen jabe ASF enpresari.
Idoia ERASO |
Baionaren ondoan eta Aturri bazterrean dagoen 4.000 biztanleko herria da Hiruburu, eta A-63 autobideak erditik banatzen du. RD1 (departamenduko bidea) eta A-63 autobidea herrian elkartzen dira. Horregatik, errepidea handituta, alde bakoitzean hiru errail izanen dituen autobideak Hiriburun bost izanen ditu noranzko bakoitzean. Egoera horri ahalik eta modu egokienean aurre egiteko, autobidea erdialdetik pasatzen den tartea estal dezatela eskatzen du Herriko Etxeak, baina ASFk garestiegia dela argudiatu du, eta ez du onartu. Kristal bikoitzak jartzea proposatu du.
Horiek hala, Herriko Etxea, biztanleek osatutako ADRA elkartearekin batera, zabaltzea ahalik eta baldintza onenetan egiteko indar guztiak jartzen ari da. Azkeneko urteetan autobidearen jabe ASF (Frantzia Hegoaldeko Autobideak) enpresarekin bilkura anitz izan dituzte. Horietan, gai askotan adostu dira, baina «nahitaezkoak» diren bi puntutan ez dira bat etorri: erdiko aldearen banaketan eta zaratan.
Egun autobideak erdigunea bitan banatzen duen tokian 20 metroko zabalera duen zubi bat dago. Bidea zabaltzeko zubia botatzea eta handik hurbil beste zubi bat egitea proposatzen du ASFk. Hiriburuko biztanleek eta Herriko Etxeak hori onartezina dela diote, herriak banatua jarraituko lukeelako eta zarata entzungo litzatekeelako. Legeak onartzen duen zarata handiena gainditzen den tokietan leihoetan kristal bikoitzak jartzea proposatzen du ASFk.
«Hiriburuko biztanleak lasaitzen eta pozten dituen egitasmo bat proposatu behar dute», azaldu zuen Hiriburuko auzapez Alain Iriartek. Izan ere, Ipar Euskal Herrian autobideak eragin handien Hiriburun du. 25 hektarea ukitzen ditu A-63 errepideak, eta biztanleen laurdenei eragiten die.
Autobidearen inguruan bizi diren biztanleek osatu ADRA elkarteko Daniel Rometek argi utzi zuen beren iritzia: «Sarraskia egiten ari dira». Bidearen eraginak txikitzeko 180 eta 200 metro arteko tarte estali bat proposatzen dute.
Epaitegira jotzeko mehatxua
«Orain arte entzun gaituzte, baina ez digute jaramonik egin; orain, gure hitzei adi egon behar da», adierazi zuen Hiriburuko auzapezak. Hitz horiekin, Iriartek beren desmartxaren indarraren berri eman zuen. Elkarlanaren eta hitzarmenaren bidea lehenesten dutela behin eta berriz nabarmendu bazuen ere, haien «legezko» eskaerei erantzun positiborik eman ezean epaitegietara jo beharko dutela adierazi zuen Hiriburuko auzapezak.
Mehatxu hori egin dute; izan ere, hiriburutarrek badakite Euskal Herrian A-63 autobidea zabaltzeko lanetan toki garrantzitsuenetarikoa dela hura. Lanak han hastekoak ditu ASF enpresak, eta epaitegietan Hiriburuk irabaziko ez balu ere, egitasmoak atzerapen handia izanen luke.