GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Tortura bortxaren adierazpenik gogorrena da, azpian inpunitatea dagoelako"

Beñat ZARRABEITIA

MANU AGIRRE
IKER AGIRRE TORTURAK SALATU DITUENAREN AITA

Begiekin ezin du ikusi, baina sentimenak agerian ditu Manu Agirrek, semeari egin dizkioten tratu txar eta torturen inguruan hitz egitean. Iker, semea, urtarrilaren 25ean atxilotu zuen Polizia espainolak, eta inkomunikazio epean torturatu zutela salatu zuen. Orain, Soto del Realen bakartuta dute.

Joxe Arregiren heriotzatik 26 urte pasatu dira, eta modu bortitzean torturatu ondoren hil zen. Hala ere, aurreko astean, Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) 2007an oraindik ere Estatu espainolean torturatzen dutela jakinarazi zuen. Aurten tratu txarrak salatu dituztenen artean Iker Agirre bilbotarra dago. GARAk haren aitarekin hitz egiteko aukera izan du.

Lehenik eta behin, zelan dago semea?

Bakartuta. 15 egun daramatza horrela Soto del Realen. Animoz ondo dago, baina bakarrik egonda denbora luze egiten da. Ia egun osoa ziegan sartuta ematen du; bertan gosaldu, bazkaldu eta afaltzen du. Patiora ere ez da ateratzen, eta irteten denean bakarrik izan ohi da. Gu orain bi aste izan ginen berarekin.

TATek Iker Agirrek jasotako tratamenduaren eta torturen berri eman zuen. Zer deritzozu horri?

Argi dago tortura gurekin bizi dela eta jarraitzen duen zerbait dela. Batzuetan gogorra izan daiteke; beste batzuetan ez hain gogorra. Nik oso garbi ikusten dut propaganda medioen bi- tartez gaur egun torturarik ez dela esaten saiatzen direla, eta neurriak hartzen dituztela tratu txarrak ekiditeko. Baina errealitatea da torturak hor dirauela. Ikerri etengabeko kolpeak eman eta mehatxuak egin zizkioten; arreba gaztearen etxera Polizia bidaliko zutela esan zioten; postura behartuetan izan zuten; bost egunean loak hartu gabe egon zen eta edateko ere oso gauza gutxi zeukan.

Hori onartezina da; zerbait bortxa baldin bada, hori tortura da. Izan ere, hau bortxaren adierazpenik gogorrena da, horren azpian inpunitatea baitago. Pertsona batzuek beste bati nahi dutena egin ahal izateko aukera guztiak baitauzkate, egiten dutenari buruz kontu emateko inolako arriskurik gabe. Legeak eta epaileek egoera hori babesten dute baimen politiko guztiak dituztelako.

Kasua Garzon epailearen eskuetan dago, eta hark atxilotutako pertsonen egoera hobetzeko neurri batzuk iragarri zituen. Bete al dira?

Bakarra bete zen. Iker urtarrilaren 25ean atxilotu zuten; egun horretan arratsaldeko seiak aldera eta kolpatzen ari ziren une berean, amaren etxera deitu zuten. Ondoren ez zen bestelako komunikaziorik egon.

Aurten, Estatu espainolean bi atxilotuk torturak salatu dituzte, Sebas Bedouretek eta Iker Agirrek. Zer iritzi duzu horri buruz?

Estatuek defendatzen dutenaren kontra mugimendu eta borroka bat dagoenean, beste tresna batzuen artean tortura erabiltzen dute. Euskal Herrian, herri bat eta beste gizarte eredu bat sortu nahi dira, eta horren kontra Estatu espainolak tresneria guztiak erabiltzen ditu. Tortura erabili du; gaur egun erabiltzen du eta aurrerantzean ere erabiliko du behar izanez gero. Era horretako bortxa isiltzen denez eta, gainera, horrek erantzunik jasotzen ez duenez, injustizia horri aurre egiteko grina sortzen da, eta nolabait ere aurre egiteko erantzunei bide ematen die.

GArzon

«Iragarritako neurri horietatik bakarra bete dute: atxilotu zuten egunean amaren etxera deitu zuten, kolpatzen ari ziren une berean. Ondoren inoiz ez»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo