GARA > Idatzia > Futbola

Jokalari euskaldunek leku garrantzitsua izan dute Girondinsen, nahiz eta orain inor ez dagoen

Bordeleko Girondinsen hainbat jokalari euskaldun izan dira, batez ere azkeneko bi hamarkadetan. Horien artean dira, Euskal Herriak emandako bi jokalaririk onenetakoak: Bixente Lizarazu eta Didier Deschamps. Hori bai, bi horiek ez dira Girondinsen aritutako euskaldun bakarrak.

Jon LEUNDA

Bordele Euskal Herritik oso gertu dago, eta horrek erakarrita-edo, Ipar Euskal Herriko jokalari gazte asko izan dira bertan ibilbidea egin nahi izan dutenak, batez ere lapurtarrak. Hori bai, gutxi batzuk bakarrik izan dute lehen taldean aritzeko parada. Horiek guztiak, gainera, lapurtarrak dira.

Girondinsek izenik handiena azkeneko hiru hamarkadetan hartu du. Aurretik Liga bat irabazita bazuen, baina beheko postuetan gehiagotan izana zen goikoetan baino. Gero, Europa osoan oso ezagunak diren jokalari ugari izan ditu taldean; besteak beste, Tigana, Giresse, Batiston, Zidane, Chalana, Dugarry edo Pauletak jantzi dute Girondinseko elastiko urdina.

Horien guztien artean, ordea, euskaldunak izan dira baita, batez ere azkeneko bi hamarkadetan. Euskaldunen artean, gainera, Euskal Herriak emandako bi jokalaririk handienetakoak daude: Bixente Lizarazu eta Didier Deschamps. Izan ere, gutxi dira beraiek bezainbeste garaipen handi pilatu dituzten jokalariak, ez Euskal Herrian bakarrik, baita hemendik kanpo ere.

Bixente Lizarazu da Girondinsen partida gehien jokatu dituen jokalari euskalduna. Hendaiarra 1988-89 denboraldian, 19 urte besterik ez zituela, heldu zen lehen taldera eta bertan izan zen 1995-96 denboraldira bitarte. Tarte horretan, 243 neurketa jokatu zituen Bordeleko taldearekin, eta 22 gol lortu zituen. Bordeletik Bilborako bidea egin zuen, eta gero, Munichera joan zen.

François Grenet baionarrak ere partida asko jokatu zituen Bordeleko lehen taldean. Aurreko hamarkadan ezkerreko hegalaren jabea izan zen. Ohikoa zen eskunetik Lizarazu eta ezkerretik bera ikustea. Biak, gainera, badakite zer den Euskal Herriko selekzioko elastikoa janztea. Baionarra 1992-93 denboraldian heldu zen lehen taldera, eta bertan aritu zen 2001-2002 denboraldira bitarte. Bordeletik Ingalaterrara joan zen, baina geroztik lesioek ez dute pakean utzi. Elastiko urdinarekin 218 partida jokatu zituen, eta lau gol lortu zituen.

Histillolesen zorte txarra

Franck Histilloles hendaiarra 93-94 denboraldian heldu zen Bordelera, baina ez zuen zorterik izan: Milanen, UEFAko Txapelketan, izandako lesio larriak aurera zeraman bidea jarraitzea galerazi zion. 19993-94 denboraldian iritsi zen lehen taldera, eta bertan aritu zen 96-97 denboraldira bitarte. Berahala egin zuen taldean lekua, eta aurrekaldean Dugarryrekin batera aritzen zen. Zinedine Zidane ere taldean zen, Lizarazu eta Grenet bezalaxe. Milango lesioa malapartatu hark, ordea, bidea erabat moztu zion, ez baitzuen inoiz bere maila berreskuratzerik lortu.

Frantziako beste talde batzuetan eta Grezian aritu ostean, Histilloles Avironera itzuli zen 2003-2004 denboraldian, baina talde zuri-urdinean ere ez zuen bere maila ematerik lortu, eta berriro ere maletak hartu eta bidaiatzen jarraitu behar izan du. Guztira 42 partida jokatu zituen, eta bost gol egin. Orain hiru urte, Kopan Avironek Girondins kanporatu zuen partida hartan aritu zen.

Didier Deschamps urte bakar batez egon zen Bordelen: 1990-91 denboraldia. Urte horretan 29 partida jokatu zituen Deschampesek, eta hiru gol lortu. Bordeletik Marseillarako bidea hartu zuen, eta gero Juventus eta Valentzian ere aritu zen.

Horiez gain, Anselin, Camus eta Fontan ere aritu ziren Girondinsen lehen taldearekin, baina ez zuten aurrekoen izena eta ospea lortu. Partida gehiegi ez zituzten jokatu, eta batzuk jadanik futbola utzi duten bitartean, beste batzuk munduan zehar dabiltza bizimodua atera nahian.

Lehen taldean aritu den azkeneko jokalari euskalduna Sylvain Franco da. 2003-2004 denboraldian egon zen Girondinsen: 10 partida jokatu eta gol bat egin zuen. Gaur egun, Merignac taldean jokatzen du.

Aipatutakoak Lehen Mailara heldutakoak dira, baina beheko mailetan ere jokalari euskaldun asko ikusi dira ia orain arte. Asko dira gora heldu nahirik geratu direnak, eta akaso, horien artean Xabi Ipharragerre nabarmentzen da. Azkeneko urteetan Avironen gol asko sartu dituen jokalaria da, eta adituen ustez, Lehen Mailan arituko litzateke duen izakera izan ez balu.

Bukatzeko, zera nabarmendu behar da: Avironen profesionalizazioa dela eta asko moztu da azkenaldian gazteek Bordelera joateko zuten joera. Ondorioz, euskaldun gutxi dira egun Girondinsen. Avironera heltzen dira Ipar Euskal Herriko gazterik onenak, berak baitu eskualdeko harrobirik onena. Gainera, Realak hitzarmena du baionarrekin, eta askok Zubietan amaitzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo