GARA > Idatzia > Kirolak

«Zutikako enbor handi hori moztea da txarrena, egurra ematen baitu"

Jon LEUNDA

Donato LARRETXEA | AIZKOLARIA

Donato Larretxea eta Joxejuan Barberena izango dira etzi gauean Azpeitian jokatuko den Urrezko Aizkorako finalean. Bi nafarrek lehiaketa oso goiz hasi zuten, baina finalerdiak jokatu aitzinetik ia bi hilabete eman behar izan zituzten geldirik, eta diotenez, orduan zuten sasoi puntu hura falta zaie, horrenbeste denbora geldirik egoteak ez baitie mesederik egin.

Urrezko Aizkorako finala jokatuko dute larunbat gauean Azpeitian, eta bertan izango da Donato Larretxea. Barberenarekin osatuko du bikoa. Aurrez aurre, berriz, Nazabal eta Lopez izango dituzte.

Zer moduz zaude igandeko finalerako?

Nahiko poliki gaude. Akaso puntan-puntan ez gaude, baina uste dut bai Barberena baita ni ere nahiko ongi helduko garela finalera. 

Hasieran, saioak jarraian egin zenituzten, eta gero ia bi hilabete geldirik egon behar izan duzue. Txarrena hori izan al da?

Bai, dudarik gabe. Orduan oso une onean geunden, eta jarraitu behar izan bagenu, oso ongi izango ginen. Gero, apur bat zabartu gara, eta orain seguruenik ere ez gara egongo orduan geunden moduan; edo ez, behintzat, sasoi berean.

Finalerdietan, jendeak uste baino estuago ibili zineten, ezta?

Haiek ere lan egiteko gogoarekin etorri ziren. Oso indartsu aritu ziren, eta asko kosta zitzaigun Peñagarikano eta Txapartegi menderatzea. Azkeneko lanera nahiko estu heldu ginen, nahiz eta han nahiko ongi irabazi genuen.

Aurten enbor handi bat jarri dizute zutik mozteko. Zer moduz ari zarete moldatzen?

Gaizki. Lan handia da; neke handia ematen du horrek. Enborra oso handia da, eta zutik moztea ez da batere postura erraza izaten. Horrek egur handia ematen du, eta gero errekuperatzea asko kostatzen da.

Jendeak dio nahiago duela hasi eta bukatu, lan bakarra izatea, baina hemen ez da horrela. Akaso hori izan daiteke zuentzat gauzarik okerrena?

Bai, dudarik gabe. Ez gaude horretara ohituta, eta asko kostatzen da. Lana hasi eta gelditu, horrela aritzen gara, lan ezberdinak direlako. Horrek nekea ematen du, baina ez du erritmorik hartzen uzten. Nire ustez, lan hau guztia hasi eta bukatu jarraian izan balitz, askoz ere nahiago izango nukeen. Hala ere, dagoen bezala dago, eta moldatu beharra gara.

Hala eta guztiz ere, denetan okerrena zutikako enborra da, ezta?

Bai, bai, dudarik gabe. Lehen aipatu bezala, horrek egur handia ematen du. Enborraren kalitatea ere ikusi behar da, baina, nire ustez, hura da okerrena.

Barberenarekin zer moduz moldatu zara?

Ongi moldatu gara. Gustura gabiltza elkarrekin, eta, alde horretatik, ez dago inolako arazorik. Finalean besteek baino lehenago amaitzea falta da.

Finalean Nazabal eta Lopez izango dituzue aurrez aurre. Zer moduz ikusi dituzu?

Bertatik bertara ez ditut ikusi, telebistatik baizik, eta itxura oso ona eman dute. Lopezek aizkoran asko egiten duela diote, eta niri ere horrela iruditu zait, eta haiei irabaztea oso zaila izango da.

Bi bikoen helburua txanda libreko saiora aukerak izaten heltzea izango da, ezta?

Bai, bai, dudarik gabe. Azkeneko saiora aukerak izaten helduz gero, gu ez gara gaizki ibiliko, baina hori lortu ahal izateko aurretik lan handia egin beharra dago, eta haiek oso ongi daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo