GARA > Idatzia > Kultura

«Pixontziaren garaia" argazki zaharra nagusi, KZgunea Lehiaketan

Digitalizatutako Argazki Zaharren KZgunea Lehiaketako sariak banatu zituzten atzo, Bilbon. Irabazleak irabazle, familia albumetatik 600 argazki historikotik gora berreskuratzea ahalbidetu du lehiaketak.

GARA | BILBO

«Pixontziaren garaia»k irabazi du Digitalizatutako Argazki Zaharren KZgunea Lehiaketako sari nagusia. 1950eko argazkia da, Donostiako Seaska Etxean ateratakoa. Bertan bost umerzurtz agertzen dira, pixontzien gainean eserita. Umezurtz horietako bat da Maria Teresa Piquer, argazkiaren jabea eta, ondorioz, lehiaketako irabazlea. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagozkien sariak, berriz, Maria Teresa Llanok, Rosario Barallobrek eta Mari Paz Lezertuak eskuratu dituzte. «Gari jotzea Miñaon» (1940), «Garai bateko bainujantziak» (Ondarroa, 1934) eta «Haurrak zaintzen zituzten emakumeak» (Donostia, 1912) dira, hurrenez hurren, aurkeztu zituzten argazkiak.

Nolanahi ere, irabazleak lehiaketan parte hartu duten argazki guztietatik lau baino ez dira. Izan ere, azken bost hilabeteotan, espero baino askoz argazki gehiago bildu dituzte antolatzaileek. Guztira, 632. Zaharrenak 1900. urteko bi dira, biak ala biak Zumarragakoak. Ojarbide baserria agertzen da batean; eta bestean, berriz, koadrilako bazkaria. Badira ere bai 1903ko argazki bat («Segurako plazan aulki jokoa»), 1904ko beste bat («Bermeoko kantarien abesbatza») eta 1905eko bi («Mutrikuko Musika Banda» eta «Bilboko janari dendaren barrualdea»). Balio historiko berezia dute Getariako traineruko argazkiak (1910), Bilboko Alhondiga erre zenekoak (1919) edota abiazioaren hastapenak Elgoibarren islatzen dituenak (1920).

www.kazetagunea.net

Lehiaketan parte hartu duten argazkiak www.kazetagunea.net webgunean ikus daitezke.

«Alfabetizazio digitala» sustatzeko Lakuako Gobernuak sortutako ekimen baten ondorio dira KZguneak. Atzo Bilbon eginiko sari banaketa aprobetxatuz, arduradunak, Txomin Alkortak, argazkien inguruan KZguneek eratutako lehiaketak helburu bikoitza zuela gogorarazi zuen. Alde batetik, familia albumetatik 1975 baino lehenagoko argazki zaharrak berreskuratu nahi zituzten, oroitzapen historikoaren mesedean. Bestetik, berriz, lehiaketan parte hartu dutenek -gehientsuenak 35 eta 54 urte bitarteko emakumeak- alfabetizazio bidean urratsak egin behar izan dituzte. Izan ere, skanerra, posta elektronikoa eta Internet, behintzat, erabili behar izan dituzte.

Lehiaketaren oinarriekin bat zetozen argazki guztien artean irabazleak aukeratzeko bide bikoitza ibili dute. Antolatzaileek berek batzorde bat sortu zuten, baina, horrez gain, KZguneetako erabiltzaileek hamar argazki gustukoenen alde bozkatzeko aukera izan dute. Alkortak atzo nabarmendu zuenez, batzordearen eta erabiltzaileen iritziak bat etorri dira funtsean. Aukeratzeko orduan, argazkien kalitatea ez ezik, originaltasuna, interes soziala eta balio historikoa ere kontuan izan zituzten.

Lehiaketa egin ahal izateko HP enpresak (hainbat skaner eskuratu zituen) eta Euskadiko Kutxak emaniko laguntza espresuki eskertu zuen Alkortak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo