GARA > Idatzia > Kultura

Musikaren kontsumoa eta kontsumitzaileak

Musika gero eta gehiago joango da doakotasunera. Baina musika egiteak, ekoizteak, grabatzeak, dirua balio du eta hori baten batek ordaindu beharko du. Beraz, musikaren doakotasunak baten baten poltsikoa urratuko du, derrigor.

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Gero eta musika gehiago entzuten da. Musika gehiago kontsumitzen dugu, gehiago entzuten dugu. Baina ordaindutako musikaren kontsumoa txikitu egin da. Bi kontsumitzaile mota horiek dute tokia merkatuan, baina soilik oraingoz. Musika gero eta gehiago joango da doakotasunera. Baina musika egiteak, ekoizteak, grabatzeak, dirua balio du eta hori baten batek ordaindu beharko du. Beraz, musikaren doakotasunak baten baten poltsikoa urratuko du, derrigor. Web-orrietan gero eta iragarki gehiago sartzen da. Web-orri baten bisitari kopuru handiagoak sustatzaile gehiago erakarriko ditu; hots, sustatzaile ekonomiko horiei esker, web-orrietako musika gero eta interesgarriagoa izan daiteke. Iragarkien munduan aldaketak izango dira.

Gaur egun disko etxeek telebistetan inbertsio handiak egiten dituzte euren produktuak erakusteko. Ez da telebistarik gabeko etxerik, eta askotan bi edo gehiago ere badira. Ordenagailuekin beste horrenbeste gertatuko da: telebistak duen garrantziaren parera igoko dira, eta agian haien lekua hartu ere. Web-orrietan iragarkiak jarriz enpresa arrunt horiek sustatuko dute hein handi batean musikaren doakotasuna. Publizitatea kontsumitzaileak doazen tokietara joango da. Baina, orain arte publizitatea web-orrietan sartu izan bada ere, etxekoa ez den beste tresna batek agian jan diezaieke ordenagailuei postu pribilegiatu hori. Eskuko telefonoei buruz ari naiz.

Honaino ailegatuta, galdera bati aurre egin behar: jendea prest egongo al litzateke eskuko telefonoetan iragarkiak jasotzeko? Kontsumitzailearen erantzuna, oraingoz, ezezkoa da. Zer prezio ordainduko da musikaren doakotasunera iristeko? Musikaren doakotasunaren bidesaria iragarkiak onartzetik pasatuko da. Gustatu ala ez, eskuko telefonoen jabeak derrigortuta egongo dira, telebistan gertatzen den bezala, iragarkiak ikustera. Eskuko telefonoetan zapping egiteko modurik izango al da? 2006an Sony Ericsson etxeak 75 milioi eskuko telefono saldu zituen. Horietatik 15 milioitan musika entzun zitekeen. Laster eskuko telefonoak musika entzuteko tresna bihurtuko dira eta, beraz, hi-fi tresnen beherakada etorriko da. Aldaketa handia. Ipod-ak ekarri du lehenengo aldaketa; bigarrena iphone eskuko telefonoa iristean etorriko da. Iraultza. Ruper Ordorikak Robert Wyatt-en «The age of self» kantuaren bertsioan esan du: Langileria hilik ei da, kontsumitzaile garela...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo