GARA > Idatzia > Pelota

Binakako Txapelketa

Xala zenbaki itzelak pilatzen ari da berandu hasi arren

Jokatu dituen lau partidak irabazi ditu, finalerdietako ligaxkako lehena tartean, eta finalean sartzeko urrats galanta eman du Martinez de Eulaterekin batera

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Yves Salaberri «Xala» txapelketako protagonista handietako bat bilakatu da oso denbora gutxian. Lekuindarrak jokatutako lau partidak irabazi egin ditu eta igandeko garaipen garrantzitsuari esker, urrats galanta eman dute berak eta Pedro Martinez de Eulatek final handian egoteko. Hasieran bikote apaltzat jo genuen arren, Aspekoek lehiaketa bikaina biribildu dezakete datozen asteotan.

Eguberri egunean izan zuen zaintiratuak arazo dezente sortu arren, Xala lehen ligaxkako azken partida jokatuz sartu zen Binakako Txapelketan. Urtarrilaren 29a zen eta Tolosako Beotibar pilotalekuan itxura polita eman zuen Koka eta Otxandorenaren aurka irabaziz (22-13).

Erreferentzia bakar horrekin iritsi zen aurrelari lapurtarra final-laurdenetako kanporaketara. Baina lehen ligaxkan azkenak izan arren -Eulatek Chafeerekin jokatu zituen lehen hiru norgehiagokak, bat irabazi eta bi galduz-, Xalaren jokoak bikotearen itxura asko hobetu zuen eta beste multzoko liderrak, Leitza eta Zearra bizkaitarrak, arazo handirik gabe kaleratu zituzten (22-20 eta 22-14).

Kanporaketa horretako bigarren partida, otsailaren 11an Bergaran jokatu zutena, izan da Xalak lehiaketan egin duen partidarik onena. Lekuinekoak 11 tanto egin zituen jokoan eta beste 3 lortu zituen sakez.

Igandeko azken garaipenak aurrez egindako lan ona berretsi du eta Xalak berriz ere final bat jokatzeko aukera ederra du aurten, bera baita hiru txapelketa nagusietan finala jokatzea zer den dakien pilotari gutxietako bat. 2002an Oskar Lasarekin txapeldun izan zen binaka, 2004an Irujoren aurka galdu zuen Buruz Buruko finala eta 2005ean Aimar Olaizolaren kontra Lau eta Erdikoa. Kontutan hartzeko palmaresa.

Beste datutxo bat ere bai. Lau partida bakarrik jokatuta, besteak baino hiru gutxiago, pilotari onena saritzen duen Euskadi Irratiko sailkapenean lidergotik 28 puntura baino ez dago. Sailkapen horretan onena Gonzalez da 272 punturekin eta Beloki, azken jardunaldiko onena, bigarren, 267 punturekin.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo