GARA > Idatzia > Mundua

Etorkinen faltan, presoak erabiliko dituzte Coloradon landetan lan egiteko

Arautu gabeko immigrazioa saihesteko ezarri dituzten lege zorrotzen ondorioz, etorkinen kopurua nabarmen jaitsi da Coloradon. Horren ondorioz, zenbait sektore langile gabe gelditzeko arriskuan daude. Etorkinen ordez presoak erabiltzea onartu berri du Gobernuak

GARA |

Etorkinei zailtasunak ipini eta ateak gero eta gehiago ixten dizkieten bitartean, haien beharraz jabetzen hasi dira Estatu Batuetako hainbat estatutan. Izan ere, etorkinik gabe edo horien kopurua zorrozki murriztuta, langileen falta nabaritu dute ekonomiako zenbait sektoretan. Eraikuntza, ostalaritza, lorezaintza edo nekazaritza alorretan arazo handiak izan ohi dituzte langileak topatzeko.

Egoera nahiko kafkiarra da; batetik, ez dituzte etorkinak nahi, eta agiriak ez dituztenak kanporatzen dituzte, baina, bestetik, haien beharra dute. AEBetako Merkataritza Ganberak baita enpresariek ere langile etorkinik gabe zenbait sektore sostengurik gabe geldituko liratekeela ohartarazi dute. Hala, Coloradok erabaki bitxia hartu berri du. «Los Angeles Times»ek adierazi duenez, presoak erabiliko dituzte landetan lan egin eta uzta jasotzeko, adibidez.

Araututa ez dagoen immigrazioa saihesteko lege zorrotzenetariko bat du Coloradok. Horren ondorioz, eguneko soldatako nekazaritza langile ugarik alde egin dute ugazaben kezkarako. Uztak landetan gelditu ziren.

Ekimena hilabete honetan ipiniko dute martxan. Dena den, nekazariak ez daude erabat ados, presoei etorkinei baino gehiago ordaindu beharko baitiete. Nekazari baten hitzetan, presoak langile bezala izatea immigrazioaren arazoari sendabide txiki bat ematea da, baina ez du arazoa inondik inora konpontzen. Georgian, Kalifornian, New Yorken eta Texasen arazo berbera dute. Nebraskan, Iparraldeko Carolinan eta Iowan ongi asko dakite haragia lantzeko enpresek porrot egingo luketela etorkinik gabe.

Immigrazio legeak modu zorrotzean ezarri eta polizia operazioak egiten diren bakoitzean, lehenak kexatzen enpresari eta politikariak dira.

Abenduan txosten batek eztabaida beroa piztu zuen Texasen. Agiririk gabeko etorkinek zergak ordaindu eta tokian tokiko ekonomiari mesede egiten diotela zioen txostenak.

Immigrazioaren aurka daudenek haserrea plazaratu zuten. Estatuko ordezkari Leo Bermanek gogor gaitzetsi zuen Carole Keeton Strayhorn agintariak eginiko txostena. Texasen jaiotako agiririk gabeko etorkinen seme-alabei Estatu Batuetako hiritartasuna ematea debeka dezan lege proiektu bat sustatu du Bermanek. Eztabaida horrek, dudaik gabe, kontraesan asko utzi ditu agerian.

Enpresarien iritzia

«Presoak langile bezala erabiltzea arazoari sendabide txikia ematea da, baina ez du arazoa inondik inora konpontzen», adierazi du «Los Angeles Times»en nekazaritza enpresari batek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo