GARA > Idatzia > Euskal Herria

Dezentralizazioaren gaia aztertuko du PNBk Baionan eginen den II. Lema Egunean

Dezentralizazioa hartu du hizpide PNBk Baionan antolatu duen bigarrengo Lema Egunerako. Bertan, Estatu frantsesaren «gaitz gehienak bere izaera zentralistatik" datozela argudiatzen saiatuko dira hizlariak.

Maria AIZPURUA |

Errepublikako presidentea hautatzeko kanpainaren atarian, «eztabaidak puri-purian» daudela-eta, «bereziki arduratzen duen gaia, hots, dezentralizazioa» aukeratu du PNBk, bigarrenez antolatu duen Lema Egunerako. Urte hasieratik eztabaida publiko nagusitik baztertu den gaia dela nabarmendu zuten Baionan Ramuntxo Camblong eta Philippe Duluc jeltzaleek «nahiz eta, Estatu frantsesaren eta Euskal Herriaren gaitz gehienak, preseski, bere izaera eta egitura zentralistatik eratorritakoak diren». Egungo Estatuetako Europan, tokian tokiko esparruak indartzen ari diren arren, Estatu frantsesa «ideia bakar baten inguruan bizi da» PNBko ordezkarien ustez: «Berarentzat, Paris da guztiaren ardatza eta denek ideia horretatik behar dute edan».

Ipar Buru Batzarreko lehendakariak gogorarazi zuen bi dezentralizazio saiakera egin dituela dagoeneko Estatuak: «Alta, biak hutsean geratu dira eta, ohi moduan, Estatu frantsesean, Europako gainerako herrialdeetan ez bezala, eztabaida eskuin-ezker parametrotan kokatzen da soilik».

Uste «okerra»

Gizarteko esparru askotan dezentralizazioaren ideia «gaizki ikusia» dagoela esan zuten PNBko ordezkariek. Horiek horrela, ustea «okerra» dela jabetu arazteko parada eskainiko dute bihar, 10.00etatik, Baionako Elkarteen Etxean. Hiru hizlari gonbidatu dituzte horretarako. Lehena, Jean Ollivro Rennesko geografo bretoia, lurraldetasun arazoetan aditua eta gaiarekin zerikusi duten hainbat idazlan argitaratu dituena. Azkena, «Frantzia makina, zentralismoa edo demokrazia» izenburuarekin argitaratu du eta, horren harira egingo du bere mintzaldia.

Bigarren hizlaria, Jose Maria Muñoa, EAEko Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako ordezkaria izango da. «Euskadiko Autonomiaren arrakastaz» mintzatuko da. Ondoren, 11.30ak aldera, Josu Jon Imazen txanda izango da. EBBko lehendakariak «Tokiko botereak, Europa eta Mundializazioa» izango dute hizpide.

HIZLARIAK

Larunbatean, hiru hizlari arituko dira: Jean Ollivro geografo bretoia, Jose Maria Muñoa Lehendakari-tzaren Kanpo Harrema-neterako arduraduna eta Josu Jon Imaz, EBBko lehendakaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo