GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14a

Biarritzek puntuak batzen hasi behar du finalerdietan izan nahi baldin badu

Lapurtarrak sailkapeneko bosgarren postuan daude egun

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Europako Koparen aurretik, Biarritzek Ligari ekin beharko dio. Oraintxe ia ahaztuta ere bazegoen Top 14arekin; izan ere, bi hilabetez geldirik egon baita, Sei Nazioak direla-eta.

Garbi dago kirol horrek zaleak erakartzen jarraitu nahi baldin badu, egutegiak beste era batera egin beharko dituztela, ez baita normala Ligak bi hilabeteko eten bat izatea, dena galtzen baita. Orain, gainera, jardunaldi bat jokatu, eta berriro ere gelditu beharko du, datorren asteburuan Europako lehiaketak baitaude.

Biarritzek gaur, 20.30ean, Albin jokatuko du. Zuri-gorriek partida garrantzitsua izango dute, ez baita ahaztu behar bosgarren postuan daudela. Liga gaur bertan amaituko balitz, ez lukete finalerdiak jokatzeko aukerarik izango.

Beraz, ez daukate lo egoterik, bestela, denboraldiaren amaieran ezusteren bat izan baitezakete. Dena dela, Albi izan daiteke zuri-gorriak Ligan berpizteko talderik egokiena. Gaur, behintzat, irabazteko faborito aterako dira, nahiz eta etxetik at ez dabiltzan batere fin.

Partida horrek badu, ordea, beste arrisku bat. Izan ere, datorren asteburuan Europako Kopako partida izango baitute Donostian Northamptonen aurka, eta Ligarik izan ez den bi hilabete hauetan gehiago hitz egin da partida hartaz honetaz baino, eta hori arriskutsua izan daiteke. Zuri-gorrien hasierako asmoa Liga eta Europako Kopa irabaztea da, baina horretarako azkar mugitu beharra daukate, eta Ligan hutsik ez egin, bestela, aurretik dituzten taldeak ihes egingo baitute.

Ligarik izan ez den hilabete hauetan jokalari dezente izan ditu Lapurdiko taldeak selekzioetan, eta horrek bere alde ona ere izan dezake. Izan ere, haiek ez baitute lehiaketa erritmorik galdu, eta hori garrantzitsua izan daiteke.

Jokalariei dagokienez, Biarritzek ustezko hamabostekorik onena zelairatuko du. Beraz, azken orduko aldaketarik ez bada, honako hauek hasiko dute norgehiagoka: Balan, August, Lecouls, Thion, Hall, Betsen, Harinordoki, Lievremont, Yachvili, Peyrelongue, Gobelet, Traille, Gaitan, Bidabe eta Brusque. Hamabosteko hori ateratzen bada, Noirot, Avril, Carizza, Dridi, Dupuy, Bosch eta Marlu aulkian geratuko dira.

Bestetik, Biarritzek Benoit Augusti kontratua luzatu dio, eta beste hiru urtean elastiko zuri-gorria janzten jarraituko du. Lapurtarren aurrelaria jokalari garrantzitsua da hamabostekoan, eta lapurtarrek horrela ikusi dute, kontratu luzea eskaini baitiote. Jokalariak ere ez du zalantzarik izan dagoen lekuan jarraitzeko, emaitza onak ari baita lortzen.

La francesa Virginie Dedieu se colgó el oro en solo libre en sincronizada, logrando así su tercer título mundial en esa disciplina. La francesa decidió retirarse tras el pasado Mundial, pese a que era una coleccionista de medallas. Pero decidió volver y ayer consiguió un nuevo oro.

geldialdia

Liga gaur itzuliko da, bi hilabete geldirik egon eta gero. Sei Nazioak Torneoa dela-eta, denbora asko izan da jardunaldirik gabe, gehiegi. Baina Biarritzek selekzioetan izan ditu jokalariak, eta hori mesederako izan daiteke

Europa

Biarritzek datorren asteburuan Europako Kopako norgehiagoka izango du Donostian, eta Ligarik gabeko egun hauetan, gaurko partidaz baino gehiago hitz egin da Northamptonen aurkakoaz

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo