GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikasle Abertzaleek euren kezkak eta eskaerak errektoregaiei azaltzeko asmoa adierazi dute

Jasone MITXELTORENA |

Nafarroako Unibertsitate Publikoan errektorea aukeratzeko kanpaina dela-eta, Ikasle Abertzaleak taldeak hautagaiekin biltzeko asmoa erakutsi du. Hiru dira hautagaiak: Juan Manuel Cabases, Julio Pedro Lafuente eta Antonio Purroy.

Euren eskubideak errespeta ditzatela eskatzeko itxialdia eta greba egin zituzten ikasleek, eta positibotzat jo dituzte. Haien hitzetan, ikasleen konpromisoa agerian geratu da. «Borrokatuta lortuko dugu NUP euskalduntzea eta Bologna prozesua gelditzea», esan zuten.

Horiek dira beren aldarrikapenak. Unibertsitatean euskararen egoera kaskarra dela salatu dute behin eta berriz, eta euskaraz ikasteko aukera urria izateaz gain, eraikinean bertan euskarazko zerbitzua ez omen dago bermatua. Orain arteko errektore Pedro Burilloren Euskararen Plan Estrategikoa gaitzetsi dute, ez baitu aurrerapausorik ekarri. Nafar Gonernuko Unibertsitate eta Hizkuntz Politikako zuzendari nagusi Pedro Pegenaute, errektorearekin batean, egoeraren erruduntzat jo dute.

Egindako grebak hori guztia agerian utzi zuela adierazi dute Ikasle Abertzaleak taldeko kideek, eta informazioa ezagutarazteko talde horrek egiten duen lana goraipatu dute. Bolognako Prozesuari dagokionez, proposamenaren inguruan eztabaidarik ez egitea eta, beraz, proiektua inposatzea salatu dute, «ikasleen eskubideak urratzen dira-eta». Itxialdiaren alde negatiboa unibertsitateko segurtasun-langileen jarrera izan dela salatu dute: «Lo ginen bitartean txistuka aritu ziren eta hitzaldi baten erdian informazio lana boikoteatzeko asmoz zarata egin zuten».

Itxaropen txikia

Errektoregaiei dagokienez, hirurekin bakarka biltzeko asmoa adierazi dute, euren programen berri izateko eta ikasleen kezkak eta eskaerak ezagutarazteko.

Ikasleen iritziz, gauzak ez dira anitz aldatuko. Beren proposamenei momento honetan baiezkoa emanda ere, kanpainan daudelako izanen dela baieztatu dute, eta kargua hartzean ezerezean geratuko direla horiek. Horren gainetik borrokan segitzeko asmoa dutela erakutsi dute, eta errektore berriak bizkarra ematen badie, bertze zerbait prestatuko dutela adierazi dute irmotasunez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo