GARA > Idatzia > Ekonomia

Sindikatuek Camposek dimiti dezala eskatu eta greba iragarri dute 24rako

STEE-EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuek Tontxu Campos Lakuako Hezkuntza sailburuak kargua utz dezala eskatu zuten atzo, irakaskuntza publiko ez unibertsitarioko hainbat sektorek egin dituzten eskakizunei erantzun egokirik emateko gai izan ez delako.

BILBO

STEE-EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuek prentsaurrekoa eman zuten atzo Bilbon, aurreko egunetan irakaskuntza publiko ez unibertsitarioko hainbat sektorek egindako mobilizazioak aztertu eta aurrerantzean hartuko dituzten neurrien berri emateko. Protestei buruz, zenbakiekin gerra egiteko asmorik ez dutela esan zuten langileen ordezkariek. Mobilizazioek izan duten jarraipena egoki ikusten dutela azaldu zuten, bai irakasleek bultzatutako lanuzteena, bai eta hezkuntza bereziko, sukaldeetako edota garbiketako langileek eta autobusetako segurtasunekoek deituriko greba egunak izan zuen jarraipena.

Hala ere, Hezkuntza Sailak mobilizazioei eman dien erantzuna ikusita, Tontxu Campos Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuaren dimisioa eskatu zuten. Gainera, hilaren 24rako egin duten greba deialdia nabarmendu zuten. Lanuztea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batera egingo dute, eta hezkuntza sektore guztiak daude deituta. Egun horretan, gainera, Hezkuntza Sailak Gasteizen duen egoitzaren aurrean elkarretaratze batean parte hartzeko dei egin zieten langile guztiei.

Campos gogor kritikatu zuten jokabidea dela-eta, protestak «txikiagotu» dituelako eta «informazio faltsuak» baliatuta batzuetan eta «datuak itxuragabetzen» besteetan, «mobilizazioak oztopatzen saiatzeagatik».

Mobilizazioen bidea hartu duten langileen lan-baldintzak hobetu beharra nabarmedu zuten STEE-EILASek, LABek, ELAk eta UGTk, sistemaren kalitatea ziurtatzeko, egun dituen gabeziak gainditzeko eta langileak ahaleginak bikoiztu beharrean izaten direlako.

Bestalde, Hezkuntza Sailak eta CCOO sindikatuak sinatutako aurreakordioa kritikatu zuten, eta gutxiengoarekin akordiorik ez sinatzeko zuen konpromisoa apurtu izana leporatu zioten. Gainera, CCOOrekin sinatutako akordioa ez dela nahikoa esan zuten; izan ere, ez du aurrerapausorik ekartzen, ez du ordezkoen egonkortasuna bermatzen, ez du langile-taldea handitzen eta ez du neurririk 55 urtetik gorakoentzat.

Langile laguntzaileen egoera txarragoa dela adierazi zuten prentsaurrekoan, Sailarentzat «ikusezinak» direlako, eta negoziatzeko aukera errealik ere ez dutela salatu zuten.

Camposek arazo bat duela onartu behar duela eta horri erantzun egokia eman behar diola esan zuten sindikatuek.

GREBA 24an

STEE-EILASek, LABek, ELAk eta UGTk greba iragarri dute hilaren 24rako hezkuntza publiko ez unibertsitarioko arlo guztietan, arazoak behar duen «erantzun egokia» eskatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo