GARA > Idatzia > Musika

Inprobisazioa. Artea. kultura. Kulturak ito egiten gaitu

Ez ote da kultura guztia azalean geratzen? Kultura ofiziala industria edo gobernuen diru- laguntzetan oinarritzen da, herri txikietan nabarmenago geratzen da. Ekintza apurtzaile eta oldarkorretan ez du sinesten populazioaren ehuneko handienak. Askatzaileak diren iritziak ez zaizkio atsegin botereari, ez botere industrialari, ez ekonomikoari eta ezta politikoari ere

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Carlinhos Brown musikari eta ekoizleak, soinu frogak egiten ari zela, horrela adoretu zituen hitzez bere taldeko musikariak: «Inprobisatu egin behar da, artea egiten ari gara, kultura. Oso zaila da artista izatea. Kultura egitea ez da gauza erraza».

Zer den lehenago da galdera. Artistak egiten du kultura edo kulturak egiten ditu artistak? Kultura, hitz larritan. Sorkuntza unea eta sormena dira guztiaren gakoa. Baina sorkuntzari bidea egin behar zaio garapen egokia izan dezan. Sorkuntza jendaurrean egiten denean igarotzen da kultura mailara. Badira artistak sormen lanak norberarentzat egiten dituztenak. Aurre-kultura deituko diot, historia eta aurre-historia kontuan hartuta. Baina, zer balio du kale xumean hitz larri edo txikiz idatzitako kulturak?

Artistek gauza batzuk bizitzara ekartzen dituzte, jendearen gustuak moldatu egiten dituzte edo eragiten dute euren bizitzan. Batzutan kantarazten digute lelo bat, bestetan hausnarketara eramaten gaituzte. Baina ez ote da kultura guztia azalean geratzen? Kultura ofiziala industria edo gobernuen diru-laguntzetan oinarritzen da, herri txikietan nabarmenago geratzen da. Ekintza apurtzaile eta oldarkorretan ez du sinesten populazioaren ehuneko handienak. Askatzaileak diren iritziak ez zaizkio atsegin botereari, ez botere industrialari, ez ekonomikoari eta ezta politikoari ere.

Kultura hitzak, demokrazia burgesak bezala, ez du nigan inolako zirrararik sorraraziko. Balio gutxiko hitzak bilakatu dira, kaos poetikoak poetikotasuna galtzen duenean garbiago ikusiko dugu kultura ezaren garrantzia. Estatu frantsesean, behin eta berriro, auto eta denda mordoa erretzen dituzte eta horri terrorismoa deitzen dio ofizialitate guztiak. Autoak erretzea ez dago beste mota bateko kultura hitzaren barruan? Edo, ohitura soila da? Performance-a, agian? Edo, sistemak bultzatutako miseriaren kimu aldakorra? Inprobisazio edo espontaneitatearen gauzatze praktikoa. Kultura, inoiz baino gehiago, konpromisorik gabeko aisialdia da, non edukiontzia aztertzen den eta ez mamia, edukia. Ekintza sinbolikoetara mugatutako kultura egiten dugu. Kulturaren definizioetako bat John Zerzani lapurtuko diot: «Kontzientziaren kartzela, sinbolikoa zein errepresiboa. Pentsamenduen askatasuna eraman behar da ekintzen askatasunera. Baina kulturak lotu egiten gaitu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo