GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Uda badoa

Ines INTXAUSTI, Telebista kritikaria

Udazken-neguko bildumak zer ekarriko digun jakin badakigu, udako programazioa bukatu ez den arren. Kate guztien estilo liburuetan etika, duintasuna eta mota guztietako gizakien eskubideak azaltzen dira argi eta garbi. Baina asmoak eskumako bidetik doaz errealitateak okerrekoa hartu badu ere. ETBk argi dauka punch handiagoko eskaintza egin behar duela etorkizunean. Emankizun zerrenda ezberdinak hartu eta gero, ordutegiz ordutegi joanda, ETBk ez dauka norgehiagoka jeneralistan lekurik.

Eredu gisa bazkalosteko esparrua hartuko dugu. «Channel 4», «Está pasando», «España directo», foiletoiak. Bitarte horretan ETBn dokumentalak eta «Pásalo» dugu. Ikus-entzule kopurua leialtzeko guda horretan salbatzen den ekoizpen bakarra «Pásalo» da, inongo zalantzarik gabe. Halako saioetan, ez bakarrik ikus-entzuleek, berriketakideek ere bihurtu behar dute leial. Udan nagia ematen digu lana egiteak (eta udazkenan, eta neguan, eta Txinan, eta Hawain...) eta horrexegatik da hain esanguratsua arratsaldeko saioetan agertzen direnen presentzia ikertzea. Goi mailako lehenengo lerroko izenak dolce far nienten dauden bitartean, indarberritutako zaldiek zamalkatzen dute siesta orduko oilotegia egun hauetan. Batzuk egunero joango lirateke telebistara inolako aurreiritzi eta eskrupulurik gabe. Beste batzuek oso estratejikoki neurtzen dituzte agerraldiak. Hori bai: aurpegi bakoitzaren atzean prezio ezberdin bat dago, denek ez dute eta berdin balio. Eta ez dut izenik emango herri honetako sentsibilitate sentikorrenak ez mintzeko. Eta etsai berrien zerrenda ez gizentzeko, jakina.

Orain hobeto ulertzen dut Carminaren heriotza. Uda kiskali baten erdian suertatu zen. Bere lagun guztiak Marbellan eta Mallorcan zeuden bitartean berak berriketakide izatea aukeratu zuen diru eder baten truke. Baina ezin zuen bere burua edozein udan lanean ikusi. Gehiegi «a mí plin, yo soy Ordoñez Dominguín...» esaten zuen sai-pertsonaiarentzat. Laster Lady Di-anaren urteurren emankorra ere ospatuko dute kate guztiek. Hori, bihar edo etzi, beste bat lehenago erortzen ez bada. Lepoan hartu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo