GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herri bazkari askotxo aurtengo Baionako besten amaieran

Atzo, Baionako besten azken eguna ospatu zuten milaka bestazalek. Igandea herri bazkarien eguna da, eta hainbat familia eta adiskide mahai inguruan topatu ziren besten azken egunean. Jatetxeek eta peñek karrikak mahaiez bete zituzten Baiona herri bazkari erraldoi bilakatzeraino. 00.30ean, Leon Erregea Herriko Etxeko balkoitik jaitsi eta hurrengo urtera arte erretiratu zen, besten amaiera ofizialean.

p024_f02.jpg

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Hasi eta bukatu. Bizitza orotan bi aditz horiek ezinbestekoak dira. Hasi egiten dena bukatu behar, ez da beste biderik. Baionako bestei ere, behin hasteko garaia arribatu ondoren, bukatzeko tenorea ere iritsi zaie. Asteazkenetik bestan sartu da bete-betean Lapurdiko hiriburua, eta, atzo, besten bosgarren eguna zuen. Bosgarrena eta azkena.

Baionak baditu inoiz aldatuko ez diren ohiturak. Hasiera eta bukaera datak horietakoak dira. Urteak joan eta urteak jin, bestak agorrileko lehen asteazke-nean hasten dira. Asteazkenean eta ez beste egun batez. Bukatu ere, igandez bukatzen dira. Aurten ere, horrela gertatu da, eta atzokoa, Baionako besten azken eguna izan zen.

Ohitura kontua da Baionakoa. Hasi, asteazkenez hasten badira, urtero 22.00etan hasten dira festak, ez lehenago ez berantago. Bukatu ere, 00.30etan tanko bukatzen dira, Herriko Etxeko ekitaldi ofizialean. Atzo, beraz, ohiturari jarraiki, 00.30ean zuzen-zuzen, Leon Erregeak Herriko Etxeko balkoian asteazkenetik hartutako lekua utzi eta hiria agurtu zuen. Bururatze ekitaldi ofiziala horrela bukatu zen, urteroko oren eta modu berdi- nean. Hurrengo urtean izuliko da Leon Erregea, agorrilaren lehen asteazkenarekin batera.

Herri bazkariak edonon

Baionako besten antolakuntza batzordea ohiturazalea da. Baina, baionarrek ere, ohitura jakinak hartuak dituzte herriko bestetarako. Erraterako, igandea, besten azken eguna, herri bazkarien eguna da. Baionan 50 peñatik gora dago. Horietatik gehienek haien herri bazkaria ospatzen dute igande eguerdian. Gainera, Baiona Ttipian ez dira gutxi bost egunetan zabalik dauden jatetxeak. Peña eta jatetxe horiek guztiek, haien lokaletan estu sentitu, eta karrikan mahaiak zabaldu ohi dituzte. Ondorioz, igandean, karrika guztiak bazkaltiarrez beteriko mahai eta jarlekuz betetzen dira. Baiona herri bazkari erraldoi bilakatzen da.

Bazkari horien guztien artean, batzuek aipamen berezia merezi dute. Horrela, Baionako Orai Bat elkarteak, Espainiako atea deitu plazatxoa lepo bete ohi du. Errobi bazterrak ere, jatetxeen kanpo mahaiekin betetzen dira, ibai ertzari itxura berezia emanik. Baionarrak igandeko bazkarizaleak dira, eta, bestetako beste egunetan ez bezala, hilabete lehenago ibili behar da lekua gordetzen, baldin eta iganderako bazkarirako lekua izan nahi bada.

Atzoko bazkarien artean, euskal giroa ere ez zen bazterrean gelditu. Horrela, Patxa plazan presoen alde antolaturiko herri bazkariak arrakasta polita izan zuen. Bertaratutakoek, bazkarirako 300 lekuak mukuru bete zituzten, eta txoko txikirik ere ez zen gelditu libre mahaietan. Baionako Gau Eskolak eta Gure Irratiak Marengo karrikan antolatu zuten bi elkarte horien aldeko bazkaria. Hor ere, mahai guztiak bete ziren eta giro ederra sortu zen, gaita-jotzaileek, euskal kantuek eta trikitilariek lagundurik. Tripa bete ostean, bestetako azken orenak baliatu zituzten bestazale guztiek, ostatuak berriz betetzeko. Aurtengo bestak joan dira, baina hurrengo urteko bestetarako hitzordua emana da jadanik.

PRESOEN ALDE

Atzoko herri bazkarien artean, Patxa plazan presoen aldekoa antolatu zen. Urtero bezala, atzo ere arrakasta polita izan zuen bazakariak, eta bertan egon ziren 300 pertsonek giro politaz gozatu zuten. Bestalde, Baionako Gau eskolak eta Gure Irratiak antolatutako bazkariak ere betekada izan zuen.

Baionan euskara ofiziala izan dadila eskatu zuen EHEk

Atzoko eguna, Baiona eta Iruñea arteko senidetasunaren omenezko eguna izan zen, besten egitarauaren barnean. Karia horretara, Iruñeko Udaleko ordezkariak Baionan izan ziren, Jean Grenet Baionako auzapezak gonbidatuta. Euskal Herrian Euskarazek, senidetasun egunean elkarretaratzea antolatu zuen, bi udalek euskararen aurka duten jarrera salatzeko eta Baionan euskararen ofizialtasuna eskatzeko. Elkarretaratzea, erraldoien desfilearekin batera iragan zen, bertan baitzeuden bi udaletako ordezkariak, eta 50 bat lagun bildu ziren. EHEk, Iruñeko eta Baionako hizkuntza politikak euskararen kontrakoak direla oroitarazi zuen, eta egunerokoan bi udaletako bizia erdara hutsez iragaten dela salatu zuen. Baionako Udalak, berriki Euskararen Erakunde Publikoarekin izenpetutako hitzarmen baten ondorioz, euskara teknikaria dauka. Baina, EHEren ustez, urrats hori propaganda ekintza hutsa izan da, besten kanpaina osoa erdara hutsean egin baita, eta teknikariaren lehen lana Baionako besten kanpaina elebiduna izan dadin segurtatzea izan behar zen.

Bestalde, Segi gazte erakundeak, manifestazioa antolatu zuen Baionako karriketan atzo, 17.00etan. Bertan 300 pertsona bildu ziren eta Baiona Ttipiko hainbat karrika iragan zituzten. Manifestazioaren ondotik, Segik Estatu frantsesaren errepresio estrategia salatu zuen, iragan astean Frantziako Tourrean tinduak idazteagatik atxilotutako hiru gazteen kasua gogora ekarrita.

Errepresioaren aitzinean, «gazteak antolatzeko eta borrokan jarraitzeko» deia luzatu zien bildatukoei gazte erakundeak manifestazio honetan zehar. E.Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo