GARA > Idatzia > Real Sociedad

Bizkaitarra hainbat urtez aritu zen armaginekin

Garitanok inork baino hobeto daki Ipuruan jokatzen

Jokalariak oso ondo ezagutzen du Eibar, baina badaki biharko partida, Ipuruan, zaila izango dela. Sendo atera beharko dutela nabarmendu zuen atzo.

p035_f01_148x116.jpg

GARA | DONOSTIA

Gaizka Garitano protagonistetako bat izan zen atzo Zubietako prentsaurrekoan Aranbururekin eta Vaughan-ekin batera. Bizkaitarra Eibarren aritu zen jokatzen hainbat denboraldiz eta oso ondo ezagutzen du Ligako hurrengo arerioa. Dena den, nahiz eta biharko partida (18.30) nahiko berezia iruditu erdilariarentzat, puntuak ateratzeari garrantzi handiagoa ematen dio jokalariak. «Pixkat berezia bada, agian», onartu zuen. «Baina puntuei ematen diet garrantzi handiagoa». Eta gainera, «gol bat sartuko banu, ospakizuna egingo nuke, noski», gehitu zuen Garitanok.

Gainera, talde txuri-urdineko jokalariak ondo baino hobeto ezagutzen du Eibar: «Urtero jokalari asko aldatzen ditu, baina bere filosofiarekin bat egiten duten jokalari berriak ekartzen dituzte beti».

Biharko partidari buruz, «maila berberan gaudela badakigu, eta beste partida bat da soilik», esan zuen. Hala ere, «era berean derbi bat da, eta horrelako partidei garrantzi handiagoa ematen zaie, morbo gehiago dutelako. Haiek gu bezain gogotsu daude eta, batez ere, hiru puntu daude jokoan. Beraz, txuri-urdinek beste edozein aurkari balitz bezalako garrantzia ematen diogu partida horri», nabarmendu zuen.

Eibar diru gutxi duen taldea izanda, Garitanok oso argi dauka zein den taldearen sekretua hain lehiakorra izateko: «Ez dago sekreturik: futbolariak onak dira eta, era berean, lan gogorra egiteko prest daude».

Izan ere, «Eibar taldearen ohiko ezaugarririk nagusia orden handia izatea eta presio handia egitea da. Baloirik gabe erosoago dagoen taldea da normalean, eta aurkariari pentsatzeko denbora gutxi ematen dio», adierazi zuen prentsaurrekoan Bizkaiko erdilariak.

Zelaiari dagokionez, Ipurua beti oso zelai txikia dela esan ohi dute futbol adituek, baina jokalariak argi eta garbi utzi nahi izan zuen hori ez dela guztiz egia: «Gertatzen dena da harmaila oso gertu dagoela eta horregatik txikiagoa dirudi. Ez dago handienen artean, baina ez da hain txikia ere». Gainera, belarra «oso ondo zainduta daukate normalean», gehitu zuen.

«Barkamenik ez»

Ikusleak erakartzeko publizitate kanpaina ausarta atera du Eibarrek: «Barkamenik ez», Clint Eastwooden pelikulan inspiraturik. «Haien gauza bat da, eta ez daukat ezer esateko», adierazi zuen horri buruz Garitanok.

Beste alde batetik, bizkaitarrak aipatu zuenez, Realak Eibarrek baino indar gehiagorekin joan behar du partida jokatzera, bestela desengainu bat izango litzateke arrazoi horregatik galtzea. «Inork ez gaitu horretan menperatu behar. Eta ez da gertatuko», azaldu zuen.

Atzoko beste protagonistetako bat, Mikel Aranburu, jarraitzaileen haserreaz eta etsipenaz aritu zen.

«Jendeari ezin zaio gehiago eskatu. Bere laguntza erakusten ari dira, bai aurten baita lehengo urtean ere, eta orain zelaian erantzuteko gure txanda da. Ez da asko hitz egin behar horri buruz. Erantzuten badugu, seguru nago gurekin egongo direla denboraldiaren amaiera arte», argitu zuen.

Derbiaren inguruan hitz egin zuen ere kapitainak. «Eibarren kontrako puntuak bereziagoak izan daitezke, derbi bat delako. Irabazi nahi dugu», adierazi zuen. Hala ere, Ipurua oso zelai zaila da eta «dagoenari moldatzen saiatuko gara. Pentsatzeko eta jokatzeko denbora egotea zaila izango da», amaitu zuen.

David Vaughan txuri-urdinekin Ipuruan aritzeko irrikan dagoela ziurtatu du

David Vaughan, Realeko azken fitxatzea eta atzoko hirugarren protagonista Zubietan, bihar Eibarren aurka jokatzeko prest dagoela ziurtatu zuen prentsaurrekoan.

«Ondo entrenatu naiz, eta Colemanek zelairatzen banau, ez dut arazorik izango. Partida zaila da, eta garaipena eskuratzea guretzat oso ona litzateke», aipatu zuen ezker hegaleko galesak atzokoan.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo