GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA Dartzea Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan

Hasi da ikasturtea Euskal Herrian eta mobilizazioak fite etor daitezke

tzo hasi zuten ipar euskal herriko lehen hezkuntzako haurrek ikastola. urteroko urduritasun eta berraurkitzeez gain, ministeriok iragarritako postu murrizketak zituzten guraso eta irakasleek gogoan. ainhoa eta donapaulen, protestak hasi dituzte jada gurasoek, sindikatuek mobilizatzeko deirik egin ez badute ere. A

Bi hilabeteko eten luzearen ondotik, iritsi da berriz liburu tartean sudurra sartzeko tenorea. Agorrilaren azken egunak iritsi ahala, hondartzetako bainuak eta mendietako irteerak pixkanaka programetatik ezabatu, eta oroitzapen bihurtzen hasi dira Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako haurrentzat. Oporrak joan dira. Iraila ate joka dagoenean, eskolako txirrinak eta gelako ikas liburuek, udan galdutako lekua berreskuratu dute.

Atzo hasi zuten, ipar Euskal Herrian, lehen hezkuntzako haurrek ikastola. Aspaldiko partez, hamaika etxetan, iratzargailuak jo zuen atzo goizean. 08.00ak edo 08.30erako tanko, berriz ikastolara joan behar zuten haurrek. Goizean goiz, denak ikastoletako ateetan zeuden, zakua bizkar gainean. «Bakantzetatik itzulirik, aste hauetan elkar gutxi ikusi eta gero, ikastolako lagunak berriz elkartzen hasiak dira. Lehen egunak, denek elkarren berri ukateko erabili ohi ditugu» zioen atzo goizean Teresa Etxeberria, Baionako Oihana ikastolako zuzendariak.

Hasiera lasaia izan zuten atzo ikastolara joandako haurrek: «Lehen egun hauek, urtea ongi hasteko beharrezkoak diren oinarriak gogoratzeko erabiltzen ditugu. Lehenik, beharrezko materiala erosita duten ikusten dugu, ordutegia azaltzen diegu... Bi egun hauetan, haurrek berek ikastolako arauak zein diren gogoratzea da gure helburua. Zer egin dezaketen, eta, noski, zer ez, haiek berek erraten digute. Udan bi hilabete pasa arren, iaztik oroitzen baitira ikastolako ibilmolde eta arauetaz» jarraitu zuen Etxeberriak. Energiaz beterik zeuden, atzo, haur eta gurasoak. Txikiak lagunekin jolasean, eta helduak ikastolak eskaini kafearen inguruan solasean. Denak gogotsu zeuden ikasturte berriaren aitzinean.

Ikastola berria Larzabalen

Baionako Oihana ikastola, Seaskan matrikulatzen diren haurren erakusgarria dela erran daiteke: «Azken 3-4 urteetan, haur kopurua 115-120 inguruan mantentzen dugu», azaldu zuen Etxeberria, ikastolako zuzendariak. Seaskaren kasuan, mantendu baino, urtero ikasle kopuruaak igoera txiki, baina egonkorra izan du azken urteetan. Hala, 2003an 2.069 haur eta nerabe ziren Seaskako ikastoletan matrikulatuta. Iaz, berriz, 2.247. Aurten, haur kopurua 2.300 inguruan egonen da, kopuru zehatzak hurrengo astea arte ezagutzerik ez baldin badago ere. Igoera horren adierazle, Oztibarre haraneko Larzabale herrian aurten ikastola berria ireki izana da. Hala ere, ikastolek oraindik ez dute euskararen etorkizuna segurtatzeko adinako indarrik. Izan ere, Lapurdiko kostaldeko haurren %3 eta 5en artean Seaskan eskolatuta daude, eta ekialderantz joanik, haurren %7 eta 10 artean, Seaskak emandako datuen arabera. Dena den, Seaskak «garapen naturala» deitzen duen urteroko igoerak jarraitzen du, inolako publizitate kanpainarik egiten ez bada ere.

Ikastolako haurren ezaugarri soziologikoei dagokienez, beste publiko bat hurbiltzen ari dela azaldu zigun Teresa Etxeberriak: «Haurren %85ek bederen, bi gurasoak edo bat erdaldunak dituzte. Azken urteetan, euskara galdu zuten gurasoen hurbiltzea argia da». Guraso horiek, euskararekiko duten interesa funtsezkoa da, Etxeberriaren ustez: «Haurra euskalduntzeko, gurasoak berekiko interesa duela sentitu behar du. Guraso anitz, Euskaraz Bizi bezalako lanetan sartzen dira, nahiz eta euskara ez jakin. Batzuek, ikastolako bizian parte hartu, eta indar handia egiten dute, euskarara hurbiltzeko. Hori oso garrantzitsua da». Hurrengo urteetan, publiko hori ikastolak beharrezkoak dituen militantzia eta parte hartzean integratzean, eta euskararekiko interesatzean egon daiteke desafiorik handiena Seaskarentzat.

Postuak murriztea

Alde horretatik, azken urteetan irakasle eta hezitzaile postuen murrizketak areagotzen joan dira Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan. Seaskaren kasuan, urteak dira postu eskasia salatzen dela, eta elkarteak, Parisek ukatu postuak berak finantzatzen dituela. Oraingoz, Ikastolen Federazioak ez du mobilizaziorako deirik egin.

Baina arazoa beste eskoletara hedatzen ari da, batez ere, eskola txikietara. Adibidez, Ainhoan eta Donapaleun, postu erdi bana arriskuan daude. Ainhoan, euskarazko postu erdia dago kolokan. 45 ikasleko kopurua zen mugarria, postua kentzeko. Atzo, hezkuntza inspektoreak 45 haur zenbatu zituen. Postua mantentzeko, atzotik eta asteartea bitarte, eskola okupatu dute gurasoek. Donapaleun, frantsesezko postu erdia, 80 ikasle baino gutxiagorekin kenduko litzateke. Atzo, 77 ikasle zenbatu zituen inspektoreak, eta postu erdiaren etorkizuna zalantzan dago. Gaurtik aitzina, eskola okupatuko dute gurasoek, postua salbatzeko asmoz. Bi kasu horietan, postuen jarraitu edo desagertzea hurrengo astean erabakiko dute. Atzo eta gaur, hezkuntza inspektoreak kolokan zeuden geletan ikasleak zenbatzen aritu dira. Astelehenean edo asteartean, bilera baten ondotik, inspektoretzak hartuko du azken erabakia. Bi eskoletan, gurasoak erabakia iritsi arte zain egongo dira eskolaren itxialdiari amaiera emateko.

Irakasle eta gurasoen sindikatuei dagokienez, oraingoz mobilizazio edo greba deialdirik ez dute egin. Baina, Estatuko egoera ikusita, baliteke ikasturte hasieran protestak sortzea. Izan ere, Estatu osoan 2008ko aurrekontutik 11.000 postu ezabatu dituzte. Horietatik 9.000tik gora, Bigarren Hezkuntzako irakasle postuak dira.

Estatuko egoera horrek eragina izanen du Euskal Herriko ikastoletan. Oraingoz, baina, Euskal Herriko FCPE gurasoen elkartetik, deialdirik ez dago: «Ikasturtearen lehenengo astea nola igarotzen den zain gaude, erabakirik hartu baino lehen», adierazi du Nicolas Graeff FCPEko kideak.

Eskola zuzendariek, berriz, iaz egin zuten bezala, egun bateko greba administratiboa eginen dute. Greba hori, zuzendariek duten baliabide eza salatzeko eginen dute. Usu, zuzendariak irakasle dira ere. Hala ere, greba horretan, zuzendari horiek irakasten jarraituko dute.

Eneritz ZABALETA

HANDIAK ASTELEHENEAN

Atzo Lehen Hezkuntzako haurren txanda izan zen. Sartzea, baina, hurrengo astean itxiko dute. Handiagoak, hots, Bigarren Hezuntzan dauden haur eta nerabeak, astelehenean edo asteartean hasiko dira eskolan.

SEASKA

Ikastoletan, azken urteotako joerak jarraitu du aurten. Izan ere, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ikastolan matrikulatutako haurren kopuruak urteroko gorakada txikia izan du. 2.300 bat haur izanen dira Seaskan eskolatuta.

25. 000 HAUR

Aurreikuspenen arabera, atzo 25.000 haurrek hasi zuten ikasturtea, lehen hezkuntzan: 1.500 euskarazko ereduan, eta 7.200 eredu elebidunean. Hau da, hurrenez hurren, ikasleen % 5,7 eta % 24,5. Datu zehatzak, hurrengo astean jakingo dituzte.

POSTU ESKASIA

Aurten ere, Hezkunde Nazionalak postuak murriztu ditu irakaskuntzarako. Donapaleun eta Ainhoan, euskarazko eta frantsesezko postu erdi bana arriskuan daude. Gurasoak, bi eskoletan itxialdiak egiten ari dira egoera salatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo