GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako abokatuek ez dute oraingoz grebara joko baina adi egongo dira Justizia erreformara

p022_f02.jpg

A.M.|

Baionako Instantzia Handiko Auzitegira (IHA) lotutako abokatuek ez dute grebara joko, oraingoz bederen, Justizia Ministerioa prestatzen ari den erreformaren nondik norakoak zehazki jakin arte. Hala eta guztiz ere, Abokatuen Kontseiluaren batzarrak Rachida Dati Justizia ministroaren lege egitasmoa adi jarraitzea erabaki du.

Uda hasieran jakin zen erreformaren ondorioz, litekeena dela Baionako auzitegia desagertzea eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduan, Pauekoa soilik mantentzea. Berri hark protesta ugari eragin zuen abokatuen artean eta baita auzitegiari lotutako beste esparruetan ere.

Abokatuek greba egin zuten ekainaren 26tik uztailaren 9ra eta Lege Proiektuaren bilakaerak beharrezkoa egingo balu, berriro mobilizatzeko eta lanuzteak egiteko prest agertu dira.

Abokatuen Elkargoa hurbiletik jarraitzen ari da Eraldaketa Proiektua eta hainbat ekarpen plazaratu dituzte. Beren ustez, Estatuan dauden 181 IHAekin jarraitu egin behar da eta bitartekoak zentzuz antolatu.

Konkurrentzia zabalak eta osoak izango lituzkeen justizia gune bakarra izatea proposatu dute, alde horretatik, mota guztietako aferak, eskakizunak eta salaketak bertan jasoko lituzkeena. Handik, dagokion jurisdikzio edo epaitegira banatuko lirateke auziak, betiere, herritarren bizilekuen gertutasuna bermatuz.

Justizia eskuragarriago

Baionako abokatuen iritziz, horrelako planteamenduarekin Justizia Administrazioa erraztu egingo litzateke eta, gainera, lanposturik ez litzateke galduko.

Iradokizun hauek guztiak Paueko Ganberako presidenteari igorri dizkiote haren bitartez Justizia Ministeritzara helarazteko.

Erreforma iragarri zenean sortutako protesten ostean, Dati ministroak Kontsulta-Batzordea jarri zuen abian. Batzorde horrek beren ekarpenak kontuan hartuko dituela espero dute abokatuek. Kontsultaren epea hil honen 30ean amaituko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo