«Finantza zurrunbiloak», herritarren kaltean
Europako Batzordeak finantza-krisiak Europako ekonomia errealean eragina izan duela eta datorren urtean eragin hori nabariagoa izan litekeela aitortu zuen atzo. Ekonomia eta Moneta Gaietarako komisario Joaquin Almuniak, gainera, aurreikusitako hazkunde tasak jaitsi egin dituztela esan zuen bai eta Europako ekonomiaren arriskuak areagotu direla ere. Hori onartuta, ordea, ekonomiaren «sendotasuna» nabarmendu zuen. Komisarioa merkatuak lasaitzera agertu zela esan liteke. Horretan saiatu zen Europako Banku Zentraleko presidente Jean Claude Trichet ere, eta «finantza zurrunbiloei» gertatutako berehalako erantzuna goraipatu zuen. Europako arduradun ekonomikoen hitzek, finantza-krisiaren ondorioak onartuta ere, denak pozik utzi nahi izan zituzten, baina Europako Banku Zentralak eta Erreserba Federalak finantza-merkatura dirua sartzen segitzen dute. Herritarrek arriskua dagoela entzun dute, eta segituan ekonomia sendoa dela, baina Europako komisarioak enpresen mozkinek gora egiten dutela esanda ere, herritarren poltsikora inongo bankuk dirurik sartu gabe, erosteko ahalmena gero eta txikiagoa dela ikusten dute. Eskuarki ez dakite finantzen munduaz, merkatu ikusezin horretaz; ia ezer. Halere, haien ekonomia txikira merkatu horretatik zentimorik ere iristen ez bada ere, huts egiten duenean, ondorio kaltegarriak dituzte.