KRONIKA | IREKIERA BESTA
Irrintzi euskaltegiko ateak Donibanerentzat ireki dituzte
Donibane auzoko Irrintzi euskaltegi berriak ateak zabaldu zituen joan den larunbatean. Iruñeko euskaltegi hau Nafarroan AEK-k duen handiena da, eta egun berrehun ikasletik gora daude matrikulatuta. Aurreko eraikina txiki gelditu eta gero, egoitza berria moldatu dute. Orain Irrintzik duen lekua ikusita, euskaltegiaz gaindi bertze hainbat ekimen hartzeko prest dago; donibanetarrei ateak ireki dizkiete.
Jasone MITXELTORENA
Irrintzi euskaltegia auzoari hagitz lotuta egon da beti. Donibaneko kultur ekimenetan eta herri mugimenduan parte hartu dute hango irakasle-ikasleek, eta hala izaten segitzen duenez, moldatu berri duten egoitza berria horretarako baliatzea nahi dute. Joan den larunbatean irekiera ospatzeko besta antolatu zuten eta orduan argi agertu zen ideia hori; auzoko musikariek eta dantzariek animatu, eta auzoan barna zabaldu zen besta egun osoan.
Goizean hasi ziren jarduerak: irekiera ekitaldia 11.30ean egin zuten eta hainbat gonbidatu izan ziren. Bertzeren artean, Aitziber Sarasola Nafarroako AEK-ko koordinatzailea, eta aspaldiko ikasle eta irakasleak ere han izan ziren. Sarasolak aurten ospatu den Korrikarekin lortuta-ko diruarekin beste euskalte- gi bat irekitzearekin pozik agertu eta garrantzitsua dela adierazi zuen.
Korrikari esker, bi irekiera
Korrikarekin lortutako sosarekin bi euskaltegi ireki dituzte aurten: Irrintzi bera eta Baiona Ttipikoa, baina ez omen da ohikoa izaten eta, beraz, ospatzeko modukoak dira irekiera biak.
Irrintzi posible egin dutenei eskerrak eman zizkieten larunbatean; aspaldiko ikasleei eta irakasleei eta Donibane Auzo Elkarteari, horiek eskainitako egoitzan eman baitziren lehendabiziko klaseak. Egoitza berria moldatzeko lanetan aritu direnak ere oroitu nahi izan zituzten, eta oro har, auzoak eman duen laguntza gogoratu zen. Segidan auzoko maiordomoek dantzatu zuten, eta han izan ziren Sanduzelai auzoko Erraldoiak ere. Hori dela-eta, Irrintzi euskaltegiaren atarian giro polita sortu zen. Auzoko gaita-jotzaileak, txistulariak, Iruña fanfarrea... Musikariekin alaitu zen egoitzaren bisita, eta barnean eskaini ziren jan-edanei ez zieten muzin egin euskaltegi berria ezagutzera joan zirenek. Behin ikasgela txukunak eta argitsuak ikusita, egoitza moldatzeko lanen nondik norakoei buruz mintzatu ostean eta barrenak ardo eta pintxoekin alaituta, auzoan barna banatu ziren bisitariak. Musikariek ere horixe egin zuten, eta euskaltegiko besta Donibaneko kaleetan barna zabaldu zen.
Euskaltegiaz harago
Irrintzi euskaltegian irakasle batek azaldu zuenez, besta Donibane osora zabaldu nahi izan zuten harreman handia baitute auzoarekin. Egoitza berriak biltzen dituen baldintzak «sekulakoak» direla-eta, hori denen artean baliatu nahi dutela jakina- razi zuen. Alde batetik, euskaltegiak hainbat zerbitzu eskainiko ditu: liburutegia, kultur ekitaldiak eta euskal kultur ekitaldiei buruzko informazioa, adibidez. Auzoko erakundeekin Euskararen Batzordea osatzekotan ere omen dabiltza.
Bertzetik, bai ikasle eta irakasle izandakoei, bai eta egun ikasten ari direnei ere euskaraz mintzatzeko lekua izango dute; hitzaldiak, tailerrak, lehiaketak, ikastaroak eta bertze hainbat ekitaldi eginen dituzte. Auzoko taldeek antolatutako ekime-nentzat ere zabalik egonen omen da euskaltegia. Helburua «euskaltegia dinamizatzea da», irakasle horren hitzetan.
14.30ean bazkaria antolatuta zegoen, eta 18.00etan Pako Aristiren eta Mikel Markezen «Tabuak saltsa berdean» lanaz gozatzeko aukera izan zen. Saio horretan hainbat ideia hankaz gora gelditu ziren, betiere modu umoretsuan eta musikaz nahiz kantuz lagunduta. Barre anitz egin zituzten, bai eta egunerokoan dauden hainbat gertakizunen inguruko hausnarketa ere.
Saioaren ondotik, berriz ere besta auzora zabaldu zen; Elektrotxaranga eta Donibaneko batukada arduratu ziren hortaz. 20.00etan Aritz Sound System-en saioa egitekoa zen Onki Xin tabernan, eta gauerditik aitzinera ere segituko zuen bere emanaldiak. Ospatzeko modukoa baitzen. Irrintziren omenez.