GARA > Idatzia > Herri-kirolak

«Aizkorarako moduan jarriko ote nintzen zalantzak izan nituen»

p046_f01.jpg

Miel MINDEGIA

Aizkolaria

Miel Mindegia berriro ere plazetan da, eta hori pozteko berria da. 58 urteko aizkolari beteranoak lesio oso larria izan zuen besaburuan, eta zortzi hilabete eman ditu geldirik. Joan den igandean berriro ere lehiaketetan agertu zen; Nafarroako maila nagusiko kanporaketan aritu zen, eta hemendik bi astera Etxarrin jokatuko duten finalerako txartela eskuratu zuen.

Jon LEUNDA |

Miel Mindegiarentzat hilabete latzak izan dira. Joan den abenduan besaburuan min hartu zuen, eta zortzi hilabete inguru eman ditu geldirik, baina abuztuan hasi zen erakustaldiak egiten, eta igandean agertu zen berriro plazetan, lehiaketa bat jokatzeko. Laugarren amaitu zuen Nafarroako Txapelketako kanporaketan, eta finala jokatzeko moduan izango da. Hilabete ilunen ostean, argia ikusten hasi dela esan daiteke.

Berriro itzuli zara plazetara, beraz, min-hartzea ahaztuta izango duzula pentsa daiteke.

Beno, lesio handi hori gaindituta daukat, baina orain gogor entrenatzen hasi naizenean beste batzuk agertu dira. Belaunean baditut arazo batzuk, bai eta eskumuturrean ere, eta bi horiek zer diren ikusten ari gara, eta badirudi entrenamenduen ondorena izan daitekeela. Oraingoz, behintzat, aizkoran egiteko moduan nago, eta horretan ari naiz.

Igandean Nafarroako finalean sartzeko txartela lortu zenuen. Gustura geratuko zinen, ezta?

Bai, baina gehiago nahi izaten da. Urte askotan punta-puntan ibili naiz, eta orain hor ez izatea pena ematen dizu, baina adina ere aurrera doa, eta ulertu behar da. Laugarren amaitu nuen kanporaketa, eta finalean izango naiz. Ez dago batere gaizki.

Nola ikusi zenuen zeure burua?

Oraindik ez nago ongi. Ia zortzi hilabete eman ditut aizkorarik hartu gabe, eta abuztuan hasi nintzen berriz, entrenatzen, beraz, ezin da oraindik ongi egon, denbora horretan ez dago gauza gehiegirik egiterik.

Zer helburu eramango duzu hemendik bi astera jokatuko den finalera?

Ahalik eta gorenen geratzea da nire nahia. Hala ere, bi astean ez dago miraririk egiterik, eta agian zertxobait hobetu naiteke, baina ezin da gehiegi egin. Oraindik ez nago sasoiko eta bi astetan ezin puntua hartu. Gero, lehen esan bezala, eskumuturrean eta belaunean sortu zaizkit orain arazoak, eta horiek ez didate nahi bezala entrenatzen uzten, beti mina sentitzen dudalako. Hala ere, saiatuko naiz lan ona egiten. Badakit zaila izango dela goikoak estutzea, baina badakit nire egoera onean egon izan banintz, estutuko nituela.

Lesioa sasoi betean zeundenean heldu zen. Orduantxe apustu bat irabazita zenuen, eta beste bat egiteko zeunden. Ba al zegoen memento okerragorik min hartzeko?

Bai, hala da. Hala ere, uste dut lesioak beti heltzen direla garai txarrean, baina zeuk aipatu bezala ni oso une onean nengoen min hartu nuenean. Orduantxe irabazi berri nion Olasagastiri apustua, eta pozez txoratzen nenbilen. Gainera Larretxearen aurkako apustua ere egitear nengoen, baina ezinezkoa izan zen egitea, eta oraingoz hala beharko du. Oso une onean nengoen, baina zoritxarrak horrela iristen dira, eta onartu egin behar izaten dira, nahiz eta hasierako uneak ez diren gozoak izaten. Beste kiroletan ere horrelako lesio luzeekin ikusten ditut kirolariak, eta horrelakoxea da geure bizitza. Hala ere, aizkorarako gauza izan ez arren, beti aritu naiz etxeko lanak egiten, ez zegoen beste aukerarik.

Une gogorrak izan al ziren horiek?

Bai, dudarik gabe. Min hartu nuenean ez zirudien hain larria izango zenik, bi edo hiru hilabetean osatuta izango nintzela uste genuen, baina ez zen hala izan, uste baino larriagoa baitzen kolpe hura. Osatze prozesua oso luzea izan da, eta une batez berriro aizkoran aritzeko moduan izango ote nintzen ere zalantzak izan nituen. Orain dena pasatu da, eta hemen naiz berriro ere ahal dudana egiteko asmotan. Urte asko daramatzat aizkoran, eta horrela uztea pena ematen zidan. Gutxienez, berriro aritzeko moduan jarri naiz, eta dudan adinarekin ez dago gaizki.

58 urterekin onenekin aritzea ez da makala...

Ez, gustura nago alde horretatik, adin honetan hor ibiltzea, faboritoekin batera lehian, haiek estutzen, eta finaletan sartzen... uste dut gauza ederra dela. Oraindik ere saiatuko naiz hor goian mantentzen.

Orain jarraian Nafarroako eta Euskal Herriko finalak izango dira. Nazabal al da bi txapelak irabazteko faboritoa?

Nik uste dut baietz. Nafarroakoa beretzat izango dela uste dut. Gustatuko litzaidake estutzea, baina nagoen egoeran oso zaila izango da. Gainera, bera sasoi betean dago eta ez da harritzekoa, oraindik nik baino hogei urte gutxiago baititu. Euskal Herrikoa ere beretzat izango dela pentsatzen dut. Orain Otaño ere agertu da, bera ere gaztea da, eta oso ongi egiten du aizkoran. Gipuzkoako txapela irabazi du, eta uste dut berak jarraituko diola Nazabali, baina ez dut uste txapelik kenduko dionik.

Eta Mindegiak, zer-nolako asmoak ditu?

Nafarroako finalean lan ona egitea. Beti hor goian ibili gara, eta ez dut gaizki geratu nahi. Gero, ikusiko dut, sasoia hartzen joan nahiko nuke, baina lehen aipaturiko minak hortxe daude belaunean eta eskumuturrean, eta ea horiek ere konpontzen ditudan, bestela oso zaila da minez, lanean aritzea.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo