GARA > Idatzia > Pilota

Udako balantzea

Oinatz eta Abel, laborategiko bikotea baino gehiago

Asegarceko eta Aspeko bi leitzarrak azken hiru hilabeteetako pilotaririk onenak izan dira, bai lortutako garaipenengatik bai eta erakutsitako adoreagatik ere

p040_f01_199x136.jpg

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Herrikideak izateaz gain, Oinatz Bengoetxea eta Abel Barriola bikotekide izan dira aurtengo udan behin baino gehiagotan. Bata Asegarcekoa eta bestea Aspekoa direnez, bi enpresek ezohiko erabakia hartu zuten pilotari horien indarrak elkartzea erabaki zutenean. Udako lehiaketei amaiera jarri berri dira eta dagoeneko esan daiteke laborategiko esperimentua uste baino hobeto atera zaiela.

Hain zuzen ere, Bengoetxea eta Barriola azken hilabeteetako jokalaririk onenak izan dira, bai lortutako garaipenengatik baita erakutsitako adoreagatik ere. Udan egin ohi diren sei lehiaketa nagusietatik bi poltsikoratu dituzte. Bikote osatu duten bakarretan, alegia.

Arazoak arazo makurtzen ez diren horietakoak dira, Donostiako eta sanmateotako ferietan zazpi tantoko aldeari buelta eman baitzioten kanporaketetan. Gero txapeldun suertatuko ziren, finaletan aurkariak aise menderatuta gainera. 22-11ko emaitza igo zuten markagailura bi final horietan: Donostian, Titin III.a eta Pedro Martinez de Eulate menderatuta; eta Logroñon, Asier Olaizola eta Oskar Lasa gailendu eta gero.

Estatistikek ez dute gezurrik esaten: udan Aspen gehien irabazi duen pilotaria Barriola izan da, torneoetan jokatutako 10 partidatik zortzi irabazita. Leitzako atzelariak, gainera, sanferminetako txapeldunordea iza- ten estreinatu zuen uda. Bi garaipen poltsikoratu ditu, hirugarren baten atarian izan da eta bitan jokalari onena izan da.

Bengoetxeak, berriz, Asegarceko jokalarien zerrendan lehena bukatu du. Hamar partidatik zazpi irabazi ditu.

«Zakur zaharrak», bikain

Udak ere beste izen propioak izan ditu. Titin eta Lasa, Lasa eta Titin, esaterako. Bien artean 73 urte batzen badituzte ere, «zakur zaharrak» ez direla inoiz hiltzen frogatu dute. Barriolak bezala, bi torneo irabazi eta beste batean txapeldunorde izan dira. Lekeition elkarrekin irabazi zuten. Lasak, Xala lagun, sanferminetan ere garaipena eskuratu zuen. Titinek, Pascual bizkarrean zuela, Gasteizen eraman zuen garaikurra.

Triciokoa udan partida gehien jokatu eta ikuskizun handiena eman duen pilotaria izan da. Dena dela, arantza bat geratu zaio barru-barruan. Azken torneoan, sanmateotan, ez zuen garaipen bakar bat ere lortu bere zaleen aurrean. Lehertuta iritsi izan ziren seinale.

Asier Olaizola ere askoren ahotan egon da, ikaragarri ondo ibili baita. Patxi Ruiz alboan zuela, Zarautzen gailentzea lortu zuen. Lekeition, ordea, ezin izan zuen ezertxo ere egin Titin handiaren aurka.

Txanponaren beste aldean, lesioak izan dituztenak daude. Juan Martinez de Irujo, batez ere, ia uda osoa geldirik egon baita zoritxarrak jota.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo