GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autonomia proposamena lantzea izango da Batasunaren lehentasuna

Larpurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Batasunak «sartze politikorako» batzarra egin zuen atzo Uztaritzen eta bertan hiru lan eremu nagusi aipatu zituen datorren hilabeteetarako erronkak zehazterako orduan: autonomiaren proposamena lantzea -hauxe izan zen gehien nabarmendu zuten lehentasuna-, arlokako gaiak jorratzea -aipamen berezia egin zioten lurra eta etxebizitzaren arazoari- eta datorren urteko hauteskundeak.

Iñaki ALTUNA |

Urte hasieran plazaratutako Ipar Euskal Herrirako autonomia proposamena lantzea izango da Batasunaren lehentasun nagusia datozen hilabeteotan, atzo Uztaritzen izandako «sartze politikorako» batzarrean erabaki zuenez.

Xabi Larrande bozeramaileak eman zien hedabideei batzar horretan hitz egindakoaren berri, bilera amaitu bezain laister. Haren lehen hitzak hauxe esateko izan ziren: «Batasunaren ardatz nagusia autonomiaren ildoa lantzea izango da». Aldi be- rean, hori «ildo nazionala» dela eta gatazka politikoa konpontzeko eztabaidan Batasunak marko demokratiko bat osatzeko proposamena egin zuela gogorarazi zuen. Proposamen horren «deklinabidea» da, hain zuzen, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako autonomia proposamena.

Ardatz hori zergatik lehenetsi duten azaltzeko egoera politikoari ere erreparatu zion. Estatu frantsesak jokabide errepresiboaren aldeko hautua egin duela nabarmendu zuen, lehen-lehenik. Bere hitzetan, Cahorsen izandako atxiloketen ondotik, Parisko prokuradoreak biziarteko kartzela zigorrarekin mehatxua eginez Estatuaren hautua zein zen iragarri zuen. Ondotik etorri da Baionan eta Nafarroa Behereko zenbait herritan egindako sarekada. Larralderen aburuz, «estrategia bortitza» erabiltzeko asmoa duela erakutsi du Estatu frantsesak.

Arlo politikoan ere Euskal Herriko onarpenari ihes egin diola adierazi zuen. Horren adibide azken urteotan martxan jarritako «sasi-tresnak» (2010 programa, Hitzarmen Berezia, Hautetsien Kontseilua, Euskararen Erakunde Publikoa...) aipatu zituen. 2020 programak ere bide berari jarraituko dion susmoa hartu dute Batasunakoek.

Dena dela, Nicolas Sarkozyren izendapenaren ondotik Errepublikako antolaketa eztabaidagai dela eta horretarako Balla- dur Komisioa sortu dutela esan zuen. Larralderen hitzetan, eztabaidan naziorik gabeko estatuak ere aipagai izan daitezke. Sarkozy presidentea bera Euskal Herrian izan ondoren, Korsikara eta beste herri batzuetara joan dela gogorarazi zuen.

Testuinguru horretan eta ukazioaren bideari aurre egiteko, «hemen herri bat badela eta herri hori onartu eta errespetatu behar dutela erran nahi diegu», adierazi zuen Batasuneko bozeramaileak.

Autonomiaren egitasmoari indarra emateko asmoz, batzarrean mobilizazioak deitzea eta «proposamena gizarteratzeko pedagogia ariketa masibo bat» egitea erabaki zuten, «gizartearen eremu zabaletara iristeko». Datozen asteetan emango dute ekimen zehatz horien berri.

Arloka egin beharreko lana izan zen bilkuran bigarren eztabaidagaia. Laborantza, azpiegiturak edota gizarte eskubideen kontrako neurriak izan zituzten hizpide. Gainera, arreta berezia jarri nahi izan zioten lurra eta etxebizitzaren aferari.

Xabi Larraldek salatu zuenez, «euskaldunok ez gara gure lurraren jabe». Kritikatu zuen Ducasse eta horrelako dirudunek bere onerako baizik ez dutela egiten, horretan euskal herritarren interesak kaltetzen badituzte ere. Egoera horri guztiari buelta eman behar zaiola esan ondoren, udazkenerako Batasunak neurri zehatzak jasoko dituen ekarpen bat egingo duela iragarri zuen.

Euskal Herria Bai

Hauteskundeen kontuari dagokionez, kantonamenduko bozketetarako Euskal Herria Bai formula errepikatzea hobetsi zuen Batasunako asanbladak, hor ere «berezko eremu instituzionala» izateko beharra defendatzeko.

Herriko Etxeetako hauteskundeetan ere lehen itzulian abertzaleen arteko zerrendak egitea eta proposamen aurrerazaleak aurkeztea onartu zuen batzarrak. Xabi Larraldek ekitaldian esan zuenez, Batasunak ez du ontzat ematen lehen itzulian abertzaleek inon bat egitea eskuineko edo «zentroko» indar frantsesekin.

arlokako lana

Lurra eta etxebizitzaren arazoa izan zuten hizpide. Gaur egungo egoerari buelta eman behar zaiola esan eta udazkenean neurri zehatzak jasoko dituen ekarpena egingo dutela iragarri zuen Xabi Larraldek batzarraren ostean.

Hauteskundeak

Kantonamenduko bozketetan Euskal Herria Bai formula errepikatzea hobetsi zen. Eta Herriko Etxeetarako ez da ontzat ematen lehen itzulian abertzaleek eskuineko edota «zentroko» indar frantsesekin inon bat egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo