GARA > Idatzia > Euskal Herria

NaBaik Nafarroako Euskararen Institutoak oraindik zuzendaririk ez izatea gaitzetsi du

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

Jadanik bi hilabete igaro dira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Perez Nievasek Euskararen Institutoaren sorrera iragarri zuenetik, baina zentroak ez du oraindik zuzendaririk. Egoera ikusita, NaBaik zer gertatzen ari den galdetu zion atzo kontseilariari Iruñeko Legebiltzarrean. Era berean, kontseilariari emandako «konfiantza tartea agor- tzen» ari dela eta «euskal kulturaren esparruan prestigioa duten pertsonek institutoaren buru izan nahi ez izateak Perez Nievasi zer pen- tsatu» eman beharko liokeela nabarmendu zuen.

Paula Kasares parlamentariaren aburuz, «argi gelditu da euskararen zonifikazio legea indarrean egonda Euskararen Institutoak nekez izan dezakeela sinesgarritasuna Nafarroako euskal komunitatearen artean». Parlamentariak salatu zuenez, «oso larria da institutoaren zuzendari kargua hutsik egotea», Nafarroako hizkuntza politika kudeatzeko sortutako erakundeak ez baitu uneotan bere eginkizuna betetzen.

Horrez gain, Sanzen Gobernuaren hezkuntza politika gaitzetsi zuen Kasaresek: «Hezkuntza Departamentuak hizkuntza politikaren inguruan duen planifikazio eza eta abian jartzen duen hizkuntz politika baztertzailea salagarriak dira, nafarrei eskubide ezberdinak aitortzen baitizkie». Hurrengoa ere gaineratu zuen legebiltzarkideak: «Euskararen Institutoak, herritarren eskubideak kudeatu beharrean, beraien arteko bereizketak kudeatuko ditu».

Bestalde, interpelazioa aurkeztu dio Gobernuari NaBaik eremu mistoko herritarrek administrazioan euskaraz artatuak izateko duten eskubidea berma dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo