GARA > Idatzia > Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA Marka saiakera BEISBOL

Goenatxok 213 kiloko beruna berdindu nahi du bizkarrean

Harri-jasotzaile azkotiarrak hilaren 30ean bere herrian egingo du saiakera, eta sei minutuan orain arte inork lortu ez duena egiten ahaleginduko da

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Goenatxo II.a sasoiko dago, 48 urte bete ditu harri-jasotzaile azkoitiarrak, baina indartsu dago. Joan den abuztaren amaieran marka handia egin zuen 200 kiloko berunarekin, eta orain, bere herrian, Azkoitan, egingo du saiakera.

Bidanian 200 kiloko beruna jaso zuen, eta orain hamahiru kilo gehiago jasotzeko asmoa agertu du; sei minutuko txanda bakar batean, berun hori bizkarrean berdintzea izango du helburua. Azkoitiko plazan izango da, hilaren 30ean, 12.30etatik aurrera, San Andres jaietako egitarauaren barruan.

«Bidanian egindako markak indarra eman zidan. Berun hau oparitu egin didate, eta honekin ere zerbait egin beharko nukeela pentsatzen ari nintzen. Beraz, hauxe egingo dugu», esan zion atzo GARAri, azkoitiarrak.

Gaur egun berunak altxatzen inor gutxi dabil, urte askotan ia desagertuta egon da jardun hori, baina Goenatxok indartsu ekin dio lanari. Bidanian, ia 2.000 ikusleren aurrean, bi aldiz berdindu zuen bizkarrean. Azkoitian ere jende asko izango da seguru asko. Asteguna da Euskal Herriko lekurik gehienetan, baina zaleak saiatuko dira tartetxo bat ateratzen marka hau ikusi ahal izateko.

Ekinaldiari begira, itxaropentsu dago Juanjoxe: «Entrenamenduetan oso gustura nabil, eta jasotzeko itxaropena daukat», esan zuen: «Ahal bada hemen ere bi jasoaldi eman nahiko nizkioke, baina justu samar ikusten badut neure burua, bat emanda utziko nuke, baina marka, behintzat egin nahi dut», erantsi zuen.

Tamaina horretako berunarekin beste inork ez dauka errekorik, handiena, Goenatxok berak dauka 200ekoarekin. Izan ere, berunarekin lan egitea, oso zaila dela onartu du: «Harriak baino askoz ere tamaina txikiagoa dauka, eta oso gora ekarri behar izaten da. Oso pisutsua egiten da, eta harriak baino zailtasun handiagoa du, baina ni orain gustura nabil berunarekin», aitortu zuen.

Goenatxo II.a harri-jsotzaile handia izan da, eta gaur egun ere horrela izaten jarraitzen du. Txapelketak utzita dago, baina gaur egun erakustaldi asko egiten ibili ohi da azkoitiarra. Bidanian marka galanta egin zuen, eta lortutako garaipen horrek, dudarik gabe, indar handia eman zion. Azkoitan ere saiatuko da, eta okerrik ez dela, lortu egingo du gainera. Segur aski, ez da azkenekoa izango, eta San Andres joanda ere, eta okerrik ez duela, Goenatxo beste markaren bat egiten ikusiko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo