GARA > Idatzia > Mendia

eskalada Txapelketa herrikoia

Elkarrekin haurrak, gazteak eta beteranoak

Joan den igandean, Donostiako Pio Baroja eskalada murruan txapelketa herrikoia jokatu zen. Bigarren ekitaldian, giro ederra egoteaz gainera, 30 lagunek hartu zuten parte

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Izaera herrikoia duten eskalada txapelketen garrantziaz bat baino gehiago jabetzen ari da. Bai blokeko bai zailtasuneko hitzorduak gero eta ugariagoak dira, eta, hein handi batean, horiek guztiek aukera ezin hobea eskaintzen dute lehia zer den ezagutzeko. Frantzian ez bezala, Euskal Herrian ez daude hain errotuak, baina pixkaka-pixkaka indartzen doaz. Lehiaren kultura herrikoia bultzatu nahian, Donostiatik iritsi zaigu azken adibidea. Joan den igandean antolatutako Pio Baroja herri txapelketaz ari gara. Iazko ekitaldiaren lekukoa hartu eta bigarrena jokatu da. Hori bai, iazkoarekin alderatuta, lehiakide gutxiago izan zen; joan den urtekoan, proba ofizial baterako baliagarria zenez, elitekoak ere izan ziren.

Aurtengoan, berriz, soilik eskalatzaile herrikoiak izan ziren Donostiako eskalada murruan; guztira, 30 lagun. Fortuna Kirol Elkarteko eta Antiguako Jai Batzordeko kideak jardun ziren antolaketa lanetan, eta, parte-hartzaile gehiegi izan ez arren, oso emaitza ona erdietsi zen. Izan ere, maila guztietako eskalatzaileak lehiatu ziren: haurrak, gazteak, seniorrak eta beteranoak. Hori da, finean, herri proba batek eskaini behar duena.

Baina, noizko Pirinio Atlantikoetan antolatzen den Mur d'Olorongoa bezalako lehiaketa bat? Bai, 24 orduko festa erraldoi bat? Badirudi, mementoz, nahiko urruti dagoela, baina badira ahots asko festa herrikoi erraldoi horiek aldarrikatzen dituztenak. Egiturak badira; soilik gogoa eta hainbat erakundetatik laguntza behar dira.

Igandeko probari dagokionez, antolatzaileek zailtasun ezberdineko bideak prestatu zituzten. Goizeko saiorako 6a eta 7b arteko marrak proposatu ziren, eta eskalatzaile bakoitzak bi aukeratu behar zituen. Puntu gehien lortu zituztenak pasatu ziren finalera. Haurrek eta beteranoek eskalatzeko aukera izan zuten; ez, ordea, lehiatzekoa. Ederra izan zen haurren agerraldia, soka goitik zutela oso jardun interesgarriak egin zituztelako. Haien gurasoek (asko eta asko eskalatzaileak) zein eskalada murrura hurbildutako lagunek ondo baino hobeto animatu zituzten, eta hitzorduko gazteenak hazi ere. Hamabi haur horiez gainera (den-denek domina bana jaso zuten), hiru beteranok ez zuten galdu nahi izan ondo pasatzeko aukera hori. Jakin bazekiten sailkapen batean ez zirela egongo, eta badirudi horrek lasai eskalatzeko aukera eman ziela.

Hiru maila lehian

Lehiatu zirenen artean, bestalde, aipatu beharra dago ez zutela hutsik egin eta jardun onak eskaini zituztela. Hiru mailatan banatu ziren: 18 urtez azpikoak (soilik mutilak) eta seniorrak (neskak zein mutilak). 18 urtez azpikoen mailan, bost lagun pasatu ziren finalera. Denen artean onena Aitor Galatas izan zen. Añorgako eskalatzaileak fin eskalatu zuen, eta bera izan zen bidea kateatu zuen eskalatzaile bakarra. Bigarren postua Borja Goikoetxearentzat izan zen eta hirugarrena Unai Torresentzat.

Neska nagusien mailan, berriz, soilik hiruk eman zuten izena. Eta, jakina, hirurak izan ziren finalean. Ane Mujika eta Maddi prestatzaileek proposatu zuten bideko katera heldu ziren eta, horren ondorioz, superfinala jokatu behar izan zen. Mutil nagusien bidean eskalatu zuten, eta Mujika izan zen indartsuena. Horrela bada, bigarren postua Maddirentzat izan zen eta hirugarrena Estefirentzat.

Txapelketa herrikoi honetan mutil nagusiak izan ziren lehiatzen azkenak. Hamalau lagunetatik zazpik eskuratu zuten finalerako txartela. Nesken mailan gertatu zen legez, mutiletan ere bi eskalatzailek top egin zuten: Oier Iribarrenek eta Antton Zabalak. Baina, nesketan ez bezala, antolatzaileek denborak hartu zituzten kontuan, eta bidea egiten azkarrena Zabala izan zen. Hernaniarrak oso ondo eta arin eskalatu zuen, eta Oiartzungo txapelketa herrikoian lortutako garaipena errepikatu zuen. Podiumeko hirugarren postua Urko Garbizuk erdietsi zuen. Astigarragako eskatzaileak urduri samar eskalatu zuen, baina jardun polita egin zuen.

Lehia guztiak amaituta, sari banaketak egin ziren. Eskaladako materialaz gainera, hain «frikiak» ez diren jakiak zein edariak zozketatu ziren. Bai, zozketatu ziren produktuen artean urdaiazpikoa, gazta eta ardoa zeuden. Beraz, eskalatzaile batzuk pozarren atera ziren II. Pio Baroja Eskalada Txapelketa Herrikoitik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo