GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Maite Etxebarria Erriberako etxe okupatuko bizilaguna

Paperezko gazteluak

Okupatzea bai, baina era masiboan, era kolektiboan, arazoa denona delako. Modu publikoan okupatzea, egoera honen aurrean zilegi delako

Negozioa bukatzen ari zaie. Izan ere, beraien gazteluen zimenduak dantzan jartzen ari gara. Urte asko eta asko zeramatzaten guri aurpegira barre eginez. Gure oinarrizko beharrizanekin negozioa egiten, bizitzeko ezinbestekoa dugunarekin gure kontura aberasten. Esklabutzarako beste eredu bat asmatu zuten, esklabutza laborala, ekonomikoa eta ia politikoa: etxebizitza. Lan-kontratu zaborrak onartu eta soldataren zati handiena etxe bat lortzeko ahaleginera bideratzea. Instituzio ezberdinek proposatzen dituzten soluzio-apurrak ospatzea. Hirigintza basatia planteatzen duten soluzioak, jabetza pribatu gehiago sortzen duten etxebizitza tipologietan (BOE, BOET) oinarritzen direnak, betikoen poltsikoak betetzeko: enpresa eraikitzaileak, promotorak, higiezinen enpresak, bankuak eta aurrezki kutxak. Eta instituzioak gaztelu hauen zaindari. Izan ere, klase politiko hau da gure ekonomia etxeen eraikuntzan oinarritu duena, bere kontura aberasten dabilena, alternatiba berriak aurrera ateratzeko gaitasun eza erakutsiz.

Baina gaztelu hauek ez dira diruditen bezain sendoak. Modu zentzugabean eraikitzen ari diren bitartean, etxe hutsen kopurua handitzen doa: 245.422 Euskal Herrian; 15.000 baino gehiago Bilbon. Bizitzeko guztiz egokiak edo habitagarriak direnak, duten funtzio soziala betetzeari uzten diotenak merkatuak inposatzen duena betetzeko: espekulatzea. Gu kalean geratzen garen bitartean usteltzen diren etxebizitzak. Ez da logikoa, ezta?

Gazteok, egoera honetaz kontziente, euren gazteluetako zuloetatik sartuko gara. Bilbon, aurretiaz beste hainbat herritan egin bezala (Azpeitia, Urretxu...), okupazioa erabili dugu arazo honi aurre egiteko tresnatzat.

Etxebizitzak barnebiltzen dituen eraikin oso bat, hiriaren erdigunean, bista ikaragarriekin. Orain dela 10 urte baino gehiago itxitako aristokrazia bilbotarraren etxebizitzak. Ametsetako etxe batzuk okupatzea, etxebizitza duinaren alternatibak sortzea. Okupatzea bai, baina era masiboan, era kolektiboan, arazoa denona delako. Modu publikoan okupatzea, egoera honen aurrean zilegi delako. Eskaintzen diguten prekarietatearen aurrean, gure eskubideak berreskuratzeko borroka egin behar dela erakusten ari gara eta, aldi berean, okupazioaren bidea egingarria dela. Gainera, okupazioa publikoa egin dugu, etxebizitza hauei euren erabilera naturala segituan bueltatuko diegula ziurtatzeko, bertan dozenaka gazte bizitzeko.

Baina egoera honetaz etekina ateratzen dutenek ez dezatela pentsa horrelako ekintzei soilik egin beharko dietela aurre. Hauek asumitu beharko dituzte, herri eta auzoetan bata bestearen atzetik etorriko direnekin batera. Ekintza hauek biderkatu egingo baitira eta, dominoa bailitzan, herriz herri, auzoz auzo, fitxak jausten joango dira, adreiluaren gaztelua eraitsi arte.

Egungo gobernuek ez dezatela uste arazo hauek lokal mailakoak direnik. Izan ere, gazteok badakigu arazo komun baten aurrean garela, eta horrela emango diogu aurpegia. Horregatik ekimen hauek manifestazio erraldoiez lagundurik doaz. Etxebizitza eskubidearen alde lanean gabiltzan talde eta norbanakoen arteko sare bat josten gabiltza, eta talde edo eragile hauek dira azken hilabeteetan ekintza bateratu edo batera-jotze batera deitu dutenak. Geldiezineko mugimendu baten sorreraren lehen harria da, alternatiba berriekin errealitatea aldatzeko gai den mugimendu sendoa. Egoera honen erantzuleak zeintzuk diren badakien mugimendua, eta hauengana zuzentzen dena dagokiona berreskuratzeko. Gutxi batzuen aberastasun eta inkonpetentziaren aurrean, soluzioak eta alternatibak gugandik irten behar dira eta.

Horretan gaude, eta gauzak argi ditugula goaz aurrera, ekimen aldarrikatzaileekin. Hilaren 11 eta 12a honen isla izan dira. Kontzientziatuz gero, euren gaztelu indartsuak guretzat paperezko gazteluak soilik direla erakutsiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo