GARA > Idatzia > Editoriala

Inflazioaren kontrola ahulenen bizkar

Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) nabarmen igo da Euskal Herri osoan. Hego Euskal Herriari dagokionez, inflazio metatua %4tik gorakoa da lau herrialdeetan. Baina Ipar Euskal Herrian ere datuak ez dira onak, abenduan %0,4 igo ondoren, urte bukaeran %2,6koa izan baita, 2004az geroztik altuena, alegia. Beraz, Euskal Herri osoan joera bera duen bilakaeraz hitz egin daiteke. Administrazioetako arduradunek berehala azaldu dute petrolioa eta elikagaiak garestitu izanak eragin duela KPIren hainbesteko igoera. Eta hala behar omen du, merkatuak krisi zantzuei aurre egiteko ohiko neurriak baitira. Hala ere, herritarrak azalpen horiek eta datuen ehunekoak baino hobeto ikusten du bere egoera ekonomiko gero eta eskasagoa, zenbat eta ekonomia ahulagoa izan, orduan eta argiago ikusi ere. Eta egoera horretan euskal herritar asko dira: pentsiodunak, oinarrizko errenta jasotzen dutenak, soldata eskasa duten milaka langileak...

Azken hamar-hamabost urteotan ekonomiaren hazkundeaz harro, bankuen eta enpresen irabazi etengabeak jakinarazi izan dituzte eta, aldi berean, abiada onari eusteko, merkatuaren egonkortasuna ez galarazteko, soldaten neurritasuna aholkatu. Horra onura ekonomikoa zer eskutara doan, eta hona krisiaren zantzuak agerikoak direnean, nork nabaritzen dituen gehien ondorioak. Joan den urtean hipoteken arazoa hainbat familiarentzat zama astuna bilakatu ondoren, orain familia gehiagok aurre egin behar dio erosteko gero eta ahalmen eskasagoari, behar-beharrezko produktuak erosteko ahalmen eskasari, inflazioa igoarazi duten produktuen salneurriak, erregaienekin batera elikagaienak izan baitira. Hartara, ministroek eta enpresariek ekonomia bide onetik dabilela esan arren, herritar arruntak hil batetik bestera gero eta nekezago asetzen ditu bere beharrak.

Ez da egoeraren araberako arazoa, bakan batzuen pribilegioei eutsi eta biderkatzeko beste askoren prekarietatea eragiten duen sistema baizik. Oraingo egoeran inflazioaren kontrola soldatak moteltzearen mende jartzen duena, hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo