GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Aizkora

Arria eta Peñagarikano dira faborito nagusiak

Errezilgoak eta Beizamakoak Daniel Vicenteren eta Juanjo Lopezen aurka neurtu beharko dituzte indarrak final-laurdenetako estreinako kanporaketan

p048_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko Aizkorako final-laurdenak abiatzera doaz, eta etzi jokatuko da estreinako kanporaketa Oionen, 12.30etik aurrera. Han, Peñagarikano eta Arria V.a Lopezen eta Vicenteren aurka arituko dira. Irabazleak finalerdietan izango dira.

Bikote gipuzkoarra aterako da irabazteko faborito. Arriak eta Peñagarikanok lehiaketa honetako bikorik sendoenetakoa osatzen dute, eta orain arte jokatu dituzten probetan agerian utzi dute hori, erraz gailendu baitira. Bere multzoan lehenengo izan dira, eta jokatutako biak irabazi dituzte. Arrospide-Zubiaga eta Txapartegi-Etxebeste izan dira orain arteko beraien aurkariak.

Lopez eta Vicente, aldiz, bigarren izan dira beren multzoan. Azkeneko ekinaldian mendean hartu zituzten Senosiain anaiak, baina estreinakoa galdu egin zuten Mugertza II.aren eta Nazabalen aurka.

Honek, ordea, ez du ligaskarekin zerikusirik izango. Izan ere, ligaskan neurketa bat galdu arren, beste aukera bat ere bazen aurrera egin ahal izateko. Hemen baina, ez da halakorik; galtzen duenak etxerako bidea hartu beharko du.

Arriak orain arte oso maila ona erakutsi du. Indarrez dator, gainera; Bizkaiko Irekia irabazi zuen urtearen amaiera aldera, eta Peñagarikanok besteko eskarmentua duen aizkolariarekin aritzeak, lasaitasuna ematen dio. Bien artean oso lan ona egiten ari dira, eta aurrera begira ere, egiteko gai dira.

Lopez eta Vicentek ere ez dute irudi txarrik eman, baina zalantza gehiago sortzen dituzte. Boladak izaten dituzten aizkolariak dira biak, nahiz eta orain biak egon oso momentu onean.

Gazteak

Etzi Oionera joanez gero, maila nagusiko proba ikusteaz gain, gazteen lehiaketako ekinaldi bat ere ikusteko aukera izango da. Jauregi eta Flores II.a, Rodriguez II.aren eta Kañamares III.aren aurka arituko dira.

Proba hau ere oso garrantzitsua izango da, izan ere, bigarren ekinaldia da Jauregirentzat eta Floresentzat. Lehen ekinaldia galdu egin zuten Alkizalete II.aren eta Mugertza III.aren aurka; berriro galtzen badute, lehiaketatik kanpo geratuko dira. Hori gertatzen baldin bada, Kañamares eta Rodriguez sailkatu egingo dira, nahiz eta ligaska amaitzeko jardunaldi bat falta izango den.

Azken hauek dira garaipena lortzeko faboritoak, eta txapelketa irabazteko faboritoen artean ere badira nafarra eta segoviarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo