GARA > Idatzia > Kultura

Elliott Murphy musikariak kalean du jada lehen biografia, Joseba Martin kazetariak euskaraz emana

Elliott Murphy eta Steven Patrick Morrissey. New Yorkekoa bata, Manchesterrekoa bestea. Hitzei garrantzi berezia ematen dieten musikari handiak biak, Gil eta Martini esker, gaur, ezagunago ditugunak.

p052_f01_148x100.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Atzo eta gaurko musika munduko mitoak arakatzen jarraitzen du Paper Hotsak argitaletxeko Bosgarren Haria bildumak. Elliott Murphy newyorkiarra eta Morrissey britainiarraren lanak aztertu ditu azken emaitzak, Joseba Martin kazetariaren eta Jorge Gil gidoigilearen eskutik.

Joseba Martin kazetaria arduratu da Elliott Murphy ezagutzera emateaz «Amerikarra Parisen» liburuaren bitartez. Alta, ez da Murphyrekin harremanetan jartzen den lehen aldia, La Jungla Sonora irratsaioari esker, sarri aritu baita solasean Parisen bizi den musikari-poetarekin.

Liburua prestatzeko, beraz, protagonistaren laguntza zuzena jaso du Martinek, eta liburuan ikus daitezkeen argazki asko Elliottek berak emanak eta argitaratu gabeak dira, Euskal Herrian ateratakoak asko.

Olivier Durand gitarra jole eta Murphyren laguntzaile fidelak egindako hitzaurreak zabaltzen du lana. Gero, datu eta bitxikeria ugari kontatzen dizkigu Martinek, artistarekin lortu duen hurbiltasuna profitatuz.

Elliotten ibilbidea kontatzeaz gain, musikariak idatzitako liburu, grabatutako disko, aipatutako izen eta leku, izandako banda, erabilitako musika tresna eta abarri buruzko datuez hornitu du lana kazetariak.

1949an jaiotako artistak 150 bat zuzeneko ematen ditu urteko, eta hogei bat herrialdetan jo du. Aurki, martxoan, musikagintzan hogeita hamabost urte bete eta 30. lana plazaratuko du, «Underground» (Last Call).

Herenegun Leioan jo, eta etzi beste behin izango da Bilbon, dagoeneko sarrerak agortuak dituen Musiketan zikloan. Bada, halere, amerikarra ikusteko azken aukera bat, urtarrilaren 25ean Galdakaoko Torrezabal kultur etxean joko baitu.

Mozz, pop printze zaharkitua

Murphy zaharrak urtero egiten badigu bisita, askoz nekezagoa dugu Morrissey hemen eta orain gozatzea.

Gurean oso ezaguna ez den arren, pop ikono handia dugu Morrissey, The Smith taldeko abeslari eta letra egilea. Eta Mozzen hitzak dira, hain zuzen ere, Jorge Gil Munarriz gidoigilea liluratzea lortu zutenak.

«Hildakoan izango naiz famatua!» liburuaren bitartez, Gilek «gerturatze» bat proposatzen digu, gurean horren ezagun ez den kantariarenganako interesa piztu nahian.

Kantuen jatorrizko hitzek eta euskarazko itzulpenek janzten duten liburuak, Manchesterreko giroa, The Smith, Morrisseyren isilunea eta bakarkako berpiztea kontatzen dizkigu, izar handiarekin hitz egiterik izan ez duen zale fin baten eskutik.

GREEN RIVER

New Yorken jaio eta Parisen bizi, Bilbo omen du bizilekutik aparte Europako hiririk maiteena, eta bi kantu eskaini dizkio: «Green River» bata, eta «Bilbao Bo Diddley» bestea. Urtero legez, igandean Euskalduna Jauregian joko du eta sarrerak agortu dira dagoeneko.

Fitxa

Elliott Murphy: «Amerikarra Parisen». Joseba Martin. 176 orrialde.

Morrissey (& The Smiths):

«Hildakoan izango naiz famatua!».

Jorge Gil Munarriz. 161 orrialde.

Prezioa: 10/12 euro inguru.

Bilduma: Bosgarren Haria, 2007.

Argitaletxea: Paper Hotsak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo