GARA > Idatzia > Kultura

Getariako Udalak interes berezikoa izendatu du Balenciaga Museoa

Balenciaga Museoaren eraikitze lanak «interes berezikoak» izendatu ditu Getariako Udalak, hortaz, diru laguntzak jasoko ditu Berroeta Aldamar elkarteak. Hau babestu izana leporatu dio EAE-ANVk EAJri.

GARA | GETARIA

Getariako udal arautegian interes bereziko lanei zuzendutako diru laguntzak jasoko dituzte hemendik aurrera Balenciaga Museoaren eraikitze lanek, «interes berezikoak» izendatu baititu Getariako Udalak. Ez da gutxi. Egun, herrian egiten diren lanen aurrekontuen %4 kobratzen du Udalak baina, interes bereziko lanentzako laguntzarekin, Berroeta Aldamar elkarteari %4 horren %80 ez dio kobratuko. Hau da, Lakuako Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Getariako Udalak berak osatzen duten elkarteak 480.000 euro gutxiago ordainduko dizkio Udalari.

EAJko sei zinegotziek aldeko boza eman zioten Berroeta Aldamar elkarteak aurkeztutako idatziari, herenegungo osoko bilkuran, eta Aralarreko biak, abstenitu egin ziren. Hala ere, alderdi honen bozeramaile Aintzane Ezenarro diru laguntzen alde agertu zen, baina, hori bai, lan bakoitzaren aurrekontuaren arabera. «Kasu honetan diru asko da, hobeto aztertu beharko litzateke», adierazi zuen.

Udalak hartutako azken erabaki hau gogor gaitzetsi zuen EAE-ANVko bozeramaile Karmele Iribarrek. «Balenciaga Museoa ez da inoiz getariarren interesetara egokitu. Hasieran, ekipamendutarako lurrak eman zizkioten eta, orain, lehengo 80 milioi pezeta oparituko diote Berroeta Aldamarri», salatu zuen.

Bere ustez, hartu berri duten erabaki honek «EAJren jarrera babeslea» agerian utzi du. «Hau al da alkateak herriari egingo dion ekarpena? 80 milioi gutxiago jasotzea elkartearen onerako?», galdetu zuen osoko bilkura amaitu ondoren egindako prentsa aurreko agerraldian.

Ardura politikoak

Osoko bilkura bukatuta, Getariako alkate Andoni Aristik (EAJ) museoaren egoeraren inguruan iritzia eman nahi izan zuen. Horretarako, aurretiaz idatzitako testu bat irakurri zuen. Bertan, proiektuarekin aurrera jarraitzeko Berroeta Aldamar elkarteak museorako proiektu baten beharra duela azaltzen zen, eta, horretarako, elkartearen patronatuari bere ustez ezinbestekoa den proiektu hori lehiaketara ateratzeko gomendatu zuen.

Bestalde, gaur bertan Balenciaga Museoa eraikitzeko lanenen inguruan gertatu diren irregulartasunak direla-eta, «ardura politikoa» eta erantzukizunak eskatuko dizkio Lakuako Gobernuari PPko Gipuzkoako legebiltzarkide Borja Semperrek. «Inork ezin du sinetsi hiru urtetan ez direnik ezertaz ohartu», esan zuen.

Aurreko astean, Getariako EAE-ANVk Balenciaga Fundazioaren auzian erakundeek erakutsi duten jarrera salatu zuen. «Auzi honen ardura ez da pertsona jakin baten esku bakarrik utzi behar. Hasieratik proiektu hau babestu, eta Berroeta Aldamar elkartean biltzen diren Getariako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Jaurlaritza, eta horiek sostengatzen dituzten alderdi politikoak dira guzti honen benetako erantzule nagusiak», nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo