GARA > Idatzia > Kultura

The Kelly Familyk kantatutako «Agur Jaunak» abestiak hautsak harrotu ditu sarean

Hautsak harrotu ditu bai, eta ez da harritzekoa. The Kelly Family taldeak sentimenduz kantatutako «Agur jaunak» euskal kantaren bertsioa da egunotan protagonista. Lagun arteko eztabaida ugaritan, baina, batik bat, sarean. Milaka euskal internauten bisita izan du YouTuben eskegiriko bideoak.

p054_f01_148x84.jpg

GARA

Pop-a, folka eta rocka bidelagun izan dituen The Kelly Family talde ezagunak hogeita hamar urtetik gorako ibilbidea du egina; milioika disko Europa osoan saldu izanaren ondorioz ereindako arrakastak indartutakoa.

Egun, oraindik ere jarraitzen dute beren musika munduan zehar hedatzen. Garai batean aski ezagunak izanagatik, esan liteke gure artean askok eta askok nahiko ahaztuta zituztela Irlandan, AEBetan, Alemanian eta Nafarroan -bai, Nafarroan- jaiotako anai-arrebak. Hasieran, hamabi ziren taldekideak, baina gurasoak hil ostean -1982an ama, eta 2002an, aita- seme-alabak eutsi zioten taldeari.

Iragan ekainaren 22an YouTuben eskegitako bideoarekin piztu da orain berriz euskal internauten ikusmira. Bertan, The Kelly Family «Agur Jaunak» abesten ageri da-eta. Bitxikeria handia da, ezbairik gabe. Alde batetik, jendez lepo dagoen kontzertu batean ageri baitira anai-arrebak sentimendu handia jarriz euskarazko abestia kantatzen, ezaguna duten hippy estiloari muzin egin gabe; eta bestetik, gutako askok ez bagenekien haiek Euskal Herriarekin zein euskararekin eta euskal kulturarekin inolako loturarik izan zezaketenik.

Bada, loturarik izan zuten. Sustatu-k jakitera eman duenez, familia bidaiaria tarteka Iruñean bizi izan da-eta .

1973an Iruñera iritsi ziren

70eko hamarkadan, «kale-musikari» gisa ekin zion The Kelly Familyk Europa zeharkatzeari, eta 1975ean, kalean kontzertu bat eskaintzen ari zirela, ekoizle batek deskubritu zituen. Segidan iritsiko zen lehenengo diskoa, eta Alemanian lehenik, eta Europa osoan geroxeago, arrakastaz-arrakasta ibili zen taldea.

Beren biografiak dioenez, aurretik AEBetatik Alemaniara emigratu zuten, eta 1973an iritsi ziren Iruñera. Nafarroako hiriburuko Viana izeneko pub ezagun batean urtebetez eman zituzten kontzertuak. Eta, asteburuetan Donostiako Parte Zaharrera ere joaten omen ziren, bertako hainbat jatetxetan kantatzera. Datu horiek argitu lezakete, neurri batean, Kelly familiak euskal kulturarekiko duten lotura.

Orain dela zenbait urte, Kellytarrek oihartzun handia izan zuten Estatu espainolean; telebistako saio ugaritan ez ezik, disko salmenten zerrendetan ere sarri agertzen baitziren. Gaur egun, baina, badirudi arrakastarik handiena Alemanian dutela, eta Sustatuk aipatu bezala, hangoak dira YouTuben ikus daitezkeen bideo gehienak, Kelly familia osoarenak eta, batez ere, John Kelly eta Maite Itoizenak.

Izan ere, azken bi horiek ere familiako kide dira. Maite Itoiz Iruñean sortutako sopranoa da, musikari biren alaba. Aita Carlos Itoiz du, flamenko-fusio gitarrista famatua, hainbat biratan Mikel Laboarekin ere aritu izan dena. The Kelly Family taldeko kide sortzaile John Kellyrekin ezkondu zen Maite, eta egun ere taldeko ordezkari eta ekoizle da bikotea. Iruñean ezagutu zuten elkar, Maiteren aitak gitarra eskolak ematen zizkielako Kellytarrei. Haiekin egindako lanaz gain, dena den, zirkuitu klasikoan ere asko kantatu izan du sopranoak.

The Kelly Family euskal kulturarekin lotzen duen beste seinale ugari ere ageri dira sarean. Esaterako, Maite eta Johnen errepertorioan Laboaren «Txoria txori» ere badago, eta oso sarri kantatzen dute Alemaniako entzuleen aurrean. Bikotearen zaleak ere hasi dira kantuaren pistaren atzetik.

Osterantzean, Balerditik blogean ere aipatzen dute «Agur Jaunak»en bideoa, eta iruzkinetan ageri da, itxura batean, Benito Lertxundirekin ere izan zutela hartu-emana Kellytarrek, eta harekin kantatu zuteneko argazki eta audio grabazioa ere han dago eskuragarri -«Atharratzeko gazteluko kantua»-.

Euskal internautak, bada, Kellytarrengan paratua dute azken egunotan arreta. Datu hau lekuko: «Agur Jaunak» bideoa ekainean eskegi zuten YouTube atarian, eta sei hilabetetan 5.000 lagun inguruk ikusi zuten. Azken astean, berriz, berria azkar zabaldu, eta atzoko, 10.000 bisitatik gora jasoak zituzten jada.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo