GARA > Idatzia > Kultura

Bukatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen fasea

Asteburu honetan izan dira Leitzan eta Iturenen Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketak. Leitzan Juan Mari Lopez izan zen garaile eta Iturenen, berriz, Xabier Legarreta. Xabier Terreros, Ander Fuentes eta Diego Riaño ere finalaurrekoetan izango dira.

p057_f01_.jpg

GARA | IRUÑEA

Nafarroako Bertsolari Txapelketako 37. edizio honetako lehen fasea burututzat eman da asteburuan. Lehen kanporaketa Leitzan izan zen ostiralean eta bertan Juan Mari Lopez nagusitu zen. Bigarrena berriz, Iturenen izan zen larunbatean eta Xabier Legarreta atera zen garaile.

Bi bertsolari horiez gain, hala ere, besterik ere pasako da datorren larunbatean, otsailak 16, Iruñeko Txantrea auzoan izango den lehen finalaurrekora. Hain zuzen ere, Xabier Terreros, Ander Fuentes eta Diego Riaño dira bertsolari horiek.

Leitzan izandako lehen saioan ehundik gora pertsona bildu ziren saioa ikusteko, eta bost bertsolari gazte eta beterano bakar bat aritu ziren bertan. Juan Mari Lopezek bere esperientzia baliatu zuen finalaurrekoetarako txartel zuzena eskuratzeko, eta nahiko erregular aritu zen.

Iturenen ere ehundik gora lagun izan ziren eta bertako saioa aurreko egunekoa baino biziagoa izan zen. Xabier Legarreta aranoarraren eta Xabier Terreros lesakarraren arteko lehia izan zen nagusi saio osoan zehar. Azkenean, hala ere, Legarretak irabazi zuen, baina oso estu, puntu eta erdiko aldea baino ez baitzion atera Terrerosi. Puntuetan Leitzako saioan baino finago ibili ziren bigarren kanporaketa honetako partaideak.

Hurrengo saioa

Hurrengo hitzordua Txantrean egingo da datorren larunbatean Ama Salestarren aretoan 18.00etatik aurrera, eta bertan Erika Lagoma, Julen Zelaieta, Bittor Elizagoien, Oier Lakuntza, Xabier Terreros eta Diego Riaño arituko dira.

Otsailak 23an saioa Lekunberriko kiroldegian izango da ordu berean eta orduan Iñigo Olaetxea, Joxe Juan Zubieta, Julio Soto, Oskar Estanga, Aritz Saragueta eta Xabier Legarretaren txanda izango da.

FINALAURREKOAK

Txapelketak aurrera egingo du ondoko hiru asteburuotan. Otsailak 16an Iruñeko Txantrea auzoan izango da lehen saioa; bigarrena, berriz, otsailaren 23an Lekunberrin; eta, azkena, martxoaren 1ean egingo da Beran.

FINALA

Final handian, 25 parte hartzaileetako zortzi baino ez dira norgehiagokan lehiatuko. Hitzordua martxoaren 15erako egin da, Elizondoko Lur Dantzalekuan, 17.00etan. Sarrerak 5 eta 15 euro bitartekoak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo