GARA > Idatzia > Herri-kirolak

aizkora Urrezko lehiaketa

Larretxeak eta Atutxak finalerako txartela lortu dute

Nazabalek eta Mugertza II.ak ere lan ona egin zuten, baina txanda libreko proba luzean zituzten aukerak alferrik galdu zituzten

p049_f01_148x116.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Larretxea eta Atutxa ziren atzo Getxon jokatu zen lehen finalerdia irabazteko faboritoak, eta beraiek lortu zuten finalerako txartela, nahiz eta lan asko egin behar izan zuten Nazabal eta Mugertza II.a mendean hartu ahal izateko.

Getxon jende dezente batu zen lehen finalerdia zuzenean ikusi ahal izateko. Sei proba egin behar zituzten, eta guztira denborarik gutxien behar zuten aizkolariek lortuko zuten garaipena, orain arte egin den moduan.

Hasteko, zeinek kolpe gutxiagotan 45 ontzakoa erdibitu neurtu ziren. Aizkolari bakoitzak, enbor erdia erdibitu behar zuen. Larretxeak eta Atutxak hortxe lortu zuten lehen garaipena, enborra 32 kolpetan moztu baitzuten. Bost gehiago behar izan zituzten Nazabalek eta Mugertza II.ak.

Jarraian, bi 45 ontzako moztu behar zituzten bikoek, bakoitzak bana, eta hortxe heldu zen Etxarrikoaren eta Mutrikukoaren lehen garaipena, nahiz eta segundo bakar bat bakarrik lortu zuten. 1.29 izan zen beraien denbora, eta 1.30 aurkariena.

Hirugarren lanean, zutik txanda librean, oinbikoa moztu behar izan zuten, eta Nazabalek eta Mugertzak irabazi zuten, eta lehian ere aurretik jarri ziren. Lau minututan bota zuten egurra, eta 21 segundo gehiago behar izan zituzten aurkariek. Lan honetan, ordea zaintiratu txiki bat izan zuen Nazabalek, eta horrek gerora arazo batzuk sortu zizkion.

Laugarren lanean, bi kana-erdiko moztu behar zituzten, bat zutik, eta bestea etzanda, biko bakoitzetik bakoitzak bana moztu behar zuen. Larretxeak eta Atutxak lortu zuten proba horretako garaipena. 3.20 izan zen beraien denbora, eta sei segundo gehiago behar izan zituzten Ugaitzek eta Florenek.

Bosgarren ekinaldian, txanda librean 80 ontzako enborra erdibitu behar zuten. Enbor hau ez da lehiaketetan normalean erabiltzen, eta Urrezko Aizkora da ikusteko aukera bakarrenetakoa. Donatok eta Aitzoilek irabazi zuten proba hau, nahiz eta aldea ez zen handia izan. 4.09 izan zen beraien denbora, eta zortzi segundotako aldea atera zioten beste lehiakideei.

Erabaki gabe

Norgehiagoka amaitzeko txanda libreko proba luzea bakarrik geratzen zen. Hor, biko bakoitzak, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituen.

Lehia ona izan zen, baina Nazabalek zituen arazoek ez zioten utzi bere lana behar bezala egiten, eta horrek bidea erraztu egin zien Larretxeari eta Atutxari. Hasieratik aldea hartu zuten, eta horri eutsiz, aurretik heldu ziren amaierara. Horrekin batera, finalean izateko txartela segurtatu zuten. Lan hau burutzen, 10 minutu eta 26 segundo behar izan zituzten, eta Ugaitzek eta Florenek, berriz, 11 minutu eta 16 segundo.

Atzo egin beharreko sei probak amaitzeko, 24 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten Larretxeak eta Atutxa II.ak. 25 minutu eta bost segundo, berriz, Mugertza II.ak eta Nazabalek. Beraz, Donato eta Aitzol, martxoaren 1ean Azpeitian jokatuko den finalean lehiatu ahal izateko beste urrats bat egin dute.

Aurrean zeintzuk izango dituzten jakiteko beste astebete itxaron beharko dute, orduan jakingo baitute Izarraitz pilotalekuan aurrez aurre izango dituztenak zein diren. Beste finalerdi horretan, Lopez eta Vicente Arrospideren eta Aierbe II.aren aurka neurtuko dira. Norgehiagoka estua iragartzen da, faborito argirik gabekoa.

Larretxea lehengusuak gazteen azken saioan izango dira

Atzo Getxon gazte mailako lehen finalerdia ere jokatu zen, eta Larretxea lehengusuak lortu zuten martxoaren 1ean Azpeitian jokatuko den finalerako txartela.

Biko nafarrak, Kañamares III.a eta Rodriguez II.a zituzten aurrez aurre, eta irabazleek 18 minutu eta 16 segundotan burutu zituzten egin beharreko lan guztiak, eta aurkariek, aldiz, 19 minutu eta 37 segundotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo