GARA > Idatzia > Atletismoa

Euskal Herriko ala Euskadiko txapelketa?

Nerea ABREGO Euskal Herriko Kros Laburraren Txapelketan hirugarren

Igandean Euskal Herriko Kros Laburraren Txapelketa izan zen Amurrion. Azken urteotan bezala, Euskadiko Atletismo Federazioak aste bi lehenago ateratako idazkiaren arabera, aurten ere Euskal Herriko atleta orok parte har zezakeen bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako zein Iparraldekoa izan. Halaxe bildu ginen, Euskal Herri osoko atleta ugari atzoko lasterketara. Emakume zein gizonezkoen lasterketetan, bi nafar geratu ginen hirugarren postuan: Raul Amatriain eta Nerea Abrego. Baina hara non, auskalo zein arazo tarteko, esan zitzaigun Euskal Herriko Autonomia Erkidegokoentzat soilik zela lasterketa, eta ezin genuela podiumera igo, ezin genuela Euskal Herriko armarriaren forma zuen garaikurra jaso, Nafarroa, Zuberoa eta Lapurdiko armarriak zituena alegia.

Euskadiko Atletismo Federazioak argitu beharko luke zergatik aldatu duen irizpidea, nork eman dion eskumena ebazteko Euskal Herrikoa zein den eta zein ez den. Urte asko dira euskal herritar guztiak bildu izan garela atletismo txapelketetan, gure indarrak lehia onean neurtzera. Herria eraikitzen ari omen gara, Euskal Herriko Federaziorantz omen goaz, baina errealitatea bestea da: atzera goaz, elkarren arteko mugak sendotuz.

Egoera honen aurrean Euskal Herriko atleta guztiok bildu egin behar dugu, Federazioak gure ahotsa entzun dezan, eta berriro gure artean lehiatu ahal izan gaitezen. Bide batez, hedabideen jokaerak txundituta utzi nau, nire hitzetan entzun ahal izan ez zena papereratuta ikusi baitut. Ez dut ezer atzerriko kirolarien aurka, ez nintzen lasterketara joan domina baten bila, Euskal Herriko kirolari guztien festan parte hartu besterik ez nuen nahi izan, baina ez zenidaten utzi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo