GARA > Idatzia > Zirikazan

Josebe EGIA

Ez da txantxetakoa

Neska eta emakume agurgarriak, hemendik aurrera badakigu nola aurkeztu: lehenik, emakumea naiz (eta harro nago); gero, medikua, edo etxekoandrea, edo pilotua, edo ikaslea, edo langabetua; eta azkenik, zilindroa, diaboloa edo kanpaia. Txorakeria dirudien arren, izen horiek emakumeon gorputz-formak deskribatzeko ezarri dira ikerketa baten ondorioz. Ikerketaren helburua arroparen egungo neurri sistema desagerraraztea da, emakumeon errealitateari egokituko zaion beste baten mesedetan. Izan ere, 1972an ezarritako sistema horrek aspaldi utzi zion emakumeon gehiengoaren beharrei erantzuteari, eta arropa erostea bezain jarduera sinplea, drama hutsa bilakatu da emakume askoren bizitzan. Batzuek, gizonezkoek batik bat, drama hitza erabiltzea gehiegizkotzat joko dute, baina inguruan emakumerik edukiz gero, baietz jakin zertaz ari naizen.

Gustuko arropa jantzi ezin izateak, norberaren estiloa eta, ondorioz, nortasuna, azaleratzeko eta garatzeko ezintasuna dakar. Segurtasun gabezia sortzen da, konplexuak, frustrazioa... eta horrek guztiak ondorio larriak izan ditzake pertsonaren arabera, depresioa, era guztietako nortasun-desorekak, norberarekiko edo ingurukoekiko amorrua, eta jakina, anorexia eta bulimia bezalako gaixotasun larri eta, askotan, itzulezinak, besteak beste. Neurri sistema aldatzeak, beraz, badu bere izateko arrazoia eta zentzua.

Dendetan, gorputz arrunta edukita, edo aparteko baldintzarik ez eta, zure neurriko arroparik sistematikoki ez topatzea, eman dezakeenaren kontra, ez da azaleko gai bat, ez da emakumeon kapritxo edo tontakeria hutsa. Emakumeok, oro har, bizi dugun arazoa da, tiranizatzen gaituena eta sufriarazten diguna. Urrundu egiten baikaitu egungo edertasun kanonetik, buruan ezinbestekotzat sartzen digutena miretsia eta maitatua izateko, aukera hori edukitzeko, eta aukera horretatik at sentitzeak ekartzen ditu ondorengo min, gaixotasun eta sufrimendu guztiak. Beraz, begi bistan dago zilindroak, diaboloak eta kanpaiak ekarriko duten aldaketa onuragarria izango dela, egun dugun errealitatea aintzat hartuko duen heinean, nahiz eta ikusteko dagoen modaren munduak, oro har, nolako trataera emango dion (aurretik esandakoaren gainean duten erantzukizuna luzaroan ezkutatu ezingo dutelakoan nago).

Hala ere, ez da nahikoa. Aldaketa horrek ez baitu ezertarako balioko emakumeongan baloratzen dena ez bada aldatzen, ezta ere balore horiek helarazteko erabiltzen diren tresnen edo bideen aldeko konpromisorik gabe, publizitate munduarena, kasu. Ez bada aldatzen, labur esanda, emakumeak objektuak garelako ustea eta jarrera -zenbat eta ederrago, orduan eta preziatuago-, gizonezkoen osagarri, moldekagarri eta menderagarri.

Zoritxarrez, badirudi horretan ez dela aurrerapauso handirik ematen ari. Emakumeen kontrako indarkeria, erauzteko bidean baino, areagotzen ari da. Finean, dena lotuta dago eta ez gaude berri zehatzek eman ditzaketen poztasunagatik erlaxazioari bidea uzteko egoeran, inondik inora.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo