GARA > Idatzia > Gaurkoa

Elena Martinez Rubio Filosofian doktorea

Sigi-saga Patagonia

Ziztu bizian baina sigi-saga egin zioten ihes Magallanesi «Patagonia» bataiatu zuen eskualde zabal ezezaguneko bi emakumek, Espainaratzeko asmoz harrapatu nahi izan zituenean. Eme-ehiztari bihurtutakoak, behin eta berriz huts egin zuen tiroa horregatik, otzan-otzan hurbildua zitzaion ehizaki xaloa galduz.

Trikimailuz ontziratutako bi gizonezkoak, berriz, laster gaixotu eta hil ziren, itsasgizona esku hutsik utzirik.

Espainiako erregeak bi giza bikote eramateko agindua emana baitzion, bidaian aurkitu herrien lagin edo erakuskari gisa. Hiru mende geroago giza zoologiko eta zirkoetan sekulako arrakastaz antolatuko ziren erakustaldi lotsagarrien aurrekaria. Hau da, basati eta primitiboekiko voyeurismoarena, egun, turismoaren bitartez, herri asko ogibidez exotikoak izatera bultzatu dituena.

Sigi-saga jarraitu zuen Magallanesen bide liskartsuak. Neke eta gorabehera gaitzen ostean, bere izena daraman itsasartea idoro zuen handik hilabete batzuetara. Filipinak ere bai. Baina azkenik bidaldiaren xedea beteko zuela zirudien arren, uharte ñimiño bateko biztanle biluzi atzeratuek hil zuten ustekabean. Espainako Erregearen handitasuna armekin erakusteko nahian abiatuta, ez zuen nonbait Mactango (Cebu) etsai haien txikitasuna neurtzen asmatu.

Sigi-saga egin zuen aurrera Patagoniaren ibilbideak. Rio Negro itsasadarreko Viedma hiria izan zen, hain zuzen, europarrek bertan sortu zuten lehena. Salestar erretore batek utzi digu hango itsasargiaren bedeinkatzearen berri zoriontsua, 1887an: «Isiltasunik bilduenean ozeano Atlantikoari so, dorre hura beren besoez eraikia zuten indiar presoen begiradapean, tiro-jasa burrunbariez agurtzeko prest zegoen artilleria hurbil genuelarik, Goi-goikoari eskainia zen ongintzako eraikin hura, basamortuko zibilizazioaren aitzindaria zena...».

«Basamortua» aipatzen du berriemaileak, sarkinen ikuspegitik hutsik zegoelako Patagonia. Jendegabe, hots. Inor ez zen bertan bizi eta -bertakoak ezik-. Quantité négligeable! Herrialde hartan milaka urte zeraman biztanleriaren egitekoa hortaz, ongi zehaztuta azaltzen zaigu bien bitartean: agerritik kentzea, edo besterik ezean, lan zitalenak egitea, lur-lapur kristauen mendeko beti ere.

Sigi-saga eta lehiaka joan ziren, ondo bazkaldu eta gero -kronikagileak dioskunez- Viedmako agintariak bide kaskarretan barrena, zaldiz nahiz zalgurdiz, nora eta hiriko lehen udal liburutegia jai-girorik alaienean zabaltzera.

Liburutegian, militarrak suntsitzen ari ziren herri zahar bitxiei buruzko ikerketa antropologiko hasi berriak egongo ziren eskuragai, besteak beste. Kultura behar zen! Baita bihurrikatze ideologiko anitz ere, giza eskubideen aitorpenaren ondoren kolonizatze gupidagabea zuritu ahal izateko. Eta batik bat, zientzia eta teknika ziren beharrezkoak, izadia inongo oztopo eta mugarik gabe ustiatzeko. Izan ere, ingurunea bere horretan uzteko joera zen Patagoniako bizilagun ibiltariak gaitzesgarri, hutsal eta «ez gizaki» egiten zituena, aberasteari emandako kolonizatzaileen begietan behinik behin.

Hotsandiko garaiak, bada. Basamortuko Kanpaina odoltsukoak era berean. Lurralde hartako jatorrizko jendearen hala-holako azpiratzea ez zuena helburu, baizik eta «arraza antzu bat behin betiko desagerraraztea», kanpainaren sustatzaileek argi eta garbi adierazi zutenez. «Arraza antzu bat», zurien zentzuan garatzeko gogo edo senik ez zeukalako.

Sigi-saga joan da beraz, Patagoniaren ildo gatazkatsua, bertakoen ondorengoak erabat galdu ez diren heinean. Honen lekuko dugu, esaterako, sarraskiaren azken txanpan eragile nagusia izan zen Roca jeneral argentinarraren giza irudia zaldi gainean, Bariloche hiriko enparantza nagusian. Nahiz eta margo gorriaz nahiko desitxuratuta dagoen, zutik dirau oraindik. Zutoinean, hitz bat: «hiltzailea».

Zuzen-zuzen joan zen zerura, ordea, Chimpayko (Rio Negro) Ceferino Namur-curá. Iaz Eliza katolikoak dohatsu aitortu zuen lehen maputxe zorigabe hau, borrokan garaitutako buruzagi baten semea zen. Haurtzaroan etxekoengandik indarrez aldendu, eta Buenos Aires hiriburura bidali zuten ikastera, salestarrekin zibilizatu zedin. 1905ean hil zen, mirariren bat edo beste egin ondoren, hemezortzi urte baino ez zuela, europarrek Ameriketan barreiaturiko hetikak joa.

Iragan hurbilaz ahaztu ez diren maputxeek badakite, hala eta guztiz, kapilau kristautzaileek eta Roca jeneralaren gudarosteek tren berean egin zutela Patagoniarako bidaia. Eta «basamortu» deiturikoa, arbasoen bizilekua besterik ez zela. Gaur ere zaindu beharreko toki guztiz eder emankorra, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo