GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Zaila da horrelakoekin eztabaidatzea

Espainiako eztabaida politikoen halabeharrezko patua dirudi huskeriak izugarrizko drama bailiran tematu beharra eta, aldiz, gorabehera funtsezkoak tabernako solasaldien arinkeriaz kitatzeko joera. Kosovoren independentzia nola hausnartu (?) den ikusi besterik ez dago. Kosovoren auziak Espainiarako irakurketa bat derrigortu egiten zuela argi zegoenez, espainiar nazio-estatuaren sinestun ia guztien lehen defentsa lubakia izan da «hango eta hemengo egoeren artean ez dagoela inolako kidetasunik»... polis grekoen eta egungo gizarteen arteko ezberdintasun galantak demokraziari muzin egiteko nahikotzat hartu behar bagenitu bezala, adibidez.

Irizpide politikoak ez direla sukaldaritzako errezetak ohartzera iritsi direlako edo, Madrilgo goi arduradunetako batzuen bigarren defentsa-lerroa «unilateralismoaren» argudioan kokatu da eta, horrexegatik, Espainiako Gobernuak ez omen du Kosovo independentea aitortuko Serbiarekin hitzarmenik gabe iritsi omen delako burujabetasun horretara. Baina ez da fitsik esaten jada de facto ematen zen egoera indarrez inposatu zuten eta orain independentzia de iure onartu duten aliatu kuttun guztiekiko lankidetza estuari buruz... ezta ere «unilateralismoaren» irizpide horrexek Saharako kasuan suposatuko lukeenari buruz, demagun. «Kidetasunik ezaren» ifrentzua da «unilateralismoaren» argudioa: hain kidekoak izan daitezke hango eta hemengo zenbait auzi, ze hobe dela han hastea hemengorako «defentsa».

Arazo politikoak legebidezko auzi soil bezala ikusteko ikaragarrizko sena duen herrialdean, azkenik, ezin falta Kosovoren independentzia ere ikuspegi horre- tatik epaitu nahi izan dutenak. Eta hor ari dira batzuek Nazio Batuen Karta edota Helsinkiko Hitzarmena dantzatzen... mugen aldaezintasunari dagokionean eta kasu honetan soil-soilik. Sobiet Batasuna nazio-estatutan sakabanatzea pozarren hartu zuten haietakoak baitira, eta arestian hainbat herrialde subiranori egin zaizkien eraso izugarriak ontzat eman dituztenak, eta ondoriozko hondamendietatik ihes egiteko haien zatiketa onartzeko prest leudekeenak. «Legeak», euren mesederako bakarrik gogoratzen dituztenak, alegia.

Zaila da horrelakoekin serioski eztabaidatzea. Eta Balkanetako arazoak serioski eztabaidatu beharrekoak dira. Funtsean, Europa osoan isla eduki (behar) duten irizpide politikoen sorburua (izan) direlako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo