GARA > Idatzia > Euskal Herria

Egibar: «Herri honen etorkizunak ez du tokirik Konstituzio espainolean»

PPk eta PSOEk Euskal Herriaren alde deus egiten ez dutela argudiatuz, euskal herritarron «interesak» Madrilen defendatzearen alde EAJk duen apustu irmoa berretsi zuen atzo Iñigo Urkullu presidente jeltzaleak. GBBko agintari Joseba Egibarrek, aldiz, Konstituzio espainolean herri honek etorkizunik ez duela aldarrikatu zuen, eta era berean, ezker abertzalearen eta ETA erakundearen aurkako hitzak izan zituen Pasaian egindako ekitaldian.

p016_f01.jpg

Gari MUJIKA |

«Espainiarentzat, Frantziarentzat edota Alemaniarentzat burujabetza ona bada, zergatik izango da txarra Euskal Herriarentzat?». Honako galdera jaurti zuen EAJren GBBko presidente Joseba Egibarrek, herri honen etorkizuna erabakitzeko eskubidearen jiran eraikiko dela adieraztean. Martxoaren 9ko hauteskunde espainolei so eginiko diskurtsoa izan zen nagusi atzo Trintxerpeko Serafin Esnaola enparantzan EAJk egin zuen ekitaldi politikoan. Ekimenaren arrazoia, Trintxerpeko estreineko batzokiaren irekiera.

Egibarrekin, Iñigo Urkullu alderdi jeltzaleko presidentea ere izan zen bertan. Baita ere, Senatu eta Kongresu espainolerako Gipuzkoako zerrendaburu diren Lorea Leanizbarrutia eta Jose Ramon Beloki. Bi horiek izan ziren, hain zuzen, hitza hartu zuten lehenak, eta EAJren bertu- teak goraipatu zituzten, batik bat, euskal herritarren eskubideen alde Madrilen egiten duten lana hizpide.

Kosovo eta Madrilen ukapena

Andoaingo politikariaren aburuz, Euskal Herriaren etorkizunaren bidea «definitua eta argia da: herri honen askatasuna lortzea erabakitzeko eskubidearen bidetik, kanpoko inolako esku-sartzerik gabe».

Egibarren ustez, herri honen etorkizunak «ez du tokirik Espainiako Konstituzioan. Bertan gure proiektuak -herri bat, aberri bat, nazio bat eraikitzea- hondoa joko luke». Gero, Kosovoren independentziaren gauzatzea aipatu, eta Estatu espainolak horren aitorpena ukatzen duela kritikatu zuen. Bere ustez, hori logikoa da hein batean, Estatu espainolak barnean «beren etorkizuna askatasunean erabaki nahi duten nazioak eta herriak baititu».

Ohi bezala, ezker abertzalearen aurka egin zuen politikari jeltzaleak, baita PP eta PSOEren aurka ere. Irlandako egoera politikoa gogora ekarri, eta ezker abertzaleari «autoritaterik ez izatea» egotzi zion, Sinn Féin alderdiarekin kontrajarrita. ETA erakunde armatuari, ordea, «herri honek eskatzen dionari» entzungor egitea egotzi zion eta bere ekarpenik onena «herri honi libre eta demokratikoki bidea erraztea» litzatekeela esan.

PPk eta PSOEk euskal herritarrak eta euskal politikagintza «banandu» egin nahi dutela ohartarazi zuen Egibarrek. Bi alderdi espainolon aurkako kritikekin jarraitu zuen Urkulluk ere. Politikari bizkaitarraren ustez, Estatu espainoleko politikagintza bi alderdion jiran egiten delako ustea zabaltzea egotzi zien; era berean, Urkulluren ustez, Galeuscat plataforman elkartzen diren hiru alderdi abertzaleak soilik dira hiru nazio horietako herritarren interesak defendatzen dituztenak.

Hala, Madrildik herritarron «interesak» defendatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu zuen eta horrela jarraituko dutela. Hots, aurtengoan, gainera, EAJk Madrilen «akordio politikoa lortzeko eskaintza politikoa» egingo duela gaineratu zuen, horrela Euskal Herrian bizi den «blokeo politikoa» gainditzeko.

«Bide definitua»

Joseba Egibarren esanetan, Euskal Herriaren etorkizunaren bidea «definitua eta argia da: herri honen askatasuna lortzea, erabakitzeko eskubidearen bidetik eta kanpoko inolako esku-sartzerik gabe».

Urkullurentzat, EAJren izaera hitz batean laburbiltzen da: «konpromisoa»

Ideia nagusi batean tematu zen EAJko buru den Iñigo Urkullu: «konpromisoa». Hori baita, bere esanetan, alderdi jeltzalea eta beraien kideak deskribatzen dituen hitza. Hala, herri hau eraikitzeko eta euskal herritarren «interesak» defendatzeko duten konpromisoa goratu zuen, eta egungo politikagintza «desblokeatzeko konpromisoa» ere bai.

Madrildik horien defentsa egingo dutela esan zuen. Baita salatu ere, bertatik datozen hainbat gertaera, ilegalizazioak kasu. Egoera hori gainditzeko «konpromisorik», ordea, ez zuen aipatu. G.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo