GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Lekeitioko Arrakala irratia musikaz blai herriko Dj-en esku

Arrakala irratiak egitasmo bitxi bezain interesgarria abiaraziko du datorren hilean. Lekeitio eta inguruko musikazaleek irratian bertan bi orduko musika saioa ekoizteko eta uhinen bidez zabaltzeko aukera paregabea izanen baitute martxotik aurrera.

Itziar PEREZ | IRUÑEA

Martxoan hasi eta datozen hilabeteetan Arrakala irratiko entzuleek diskojartzaile lanetan aritzeko aukera edukiko dute. Izan ere, Lekeitioko irrati libre honek ekimen berri bat abiaraziko du eta, ondorioz, musika gustuko duten pertsonei bi orduko irratsaioa prestatzeko aukera eskainiko diete.

Horretarako, irratiak berak duen musika erabili ahal izango dute, 25.000 kantutik gorakoa baita irratiak duen musika artxiboa. Arrakala irratiaren programazioa egun osoan zehar entzun daiteke, nahiz eta saiorik ez dagoenean musikak hartu ohi duen horien lekua. Izena emateko bete beharreko baldintza bakarra irratiko ordenagailuen funtzionamendua ikastea izango da.

Egitasmoan parte hartu eta informazioa jasotzeko hiru modu daude. Alde batetik, irratiko e-mailera idatziz, arrakala@hotmail.com helbide elektronikora. Bestetik, irratikideek hilero lehenengo ostiralean irratiko bulegoan bertan, 19.00etan, egin ohi duten bileran ere azal daitezke. Eta, azkenik, 94. 684. 26. 81 telefono zenbakira dei eginez.

Arrakala 80ko hamarkadan gaztetxe mugimenduaren inguruan sortutako irratia da. Gaur egun, astelehenetik igandera bitartean «Aittitta Raduga», «Kitzika», musika saioa, «Potxuak saltsan» eta «Azkueren ipuin bilduma» irratsaioak ekoizten dituzte. Azkeneko honetan, herriko gaurkotasun gaiak komentatzeaz gainera, kanpoan bizi diren ikasleei zuzendutako atal berezia dago, «Spaghettijaz haratago» izenekoa. Bertan, larunbatero 12.00etan, etxetik kanpo ikasle pisuetan bizi diren gazteei zuzendutako tartea eskaintzen dute, eta sukaldaritza aholkuak eta errezetak ere ematen dituzte bertan. Azkue idazlea herriko semea izanik, Arrakalako uhinak erabiltzen dituzte berak idatzitako ipuinak jendartean hedatzeko.

Arrosa irrati-sareko kide denez, gainontzeko programazioa Euskal Herriko beste irratietako saioekin osatu ohi dute, hala nola, Iruñeko Eguzki irratiaren «Kateak apurtu», Hala Bedi gasteiztarraren «A desalambrar», Urruñako Info 7 irratiko «Asteko kronika» edota «Gora Euzcadi Chistulari» Eibarko Matrallako irratiko saioak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo