GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Aierbek eta Arrospidek ez dute ezusterako tarterik utzi

Ataungoa eta Leaburukoa nagusi izan ziren atzoko finalerdian, eta martxoaren 1ean Azpeitian Larretxearen eta Atutxaren aurka jokatuko dute finala

p049_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ez zen ezusterik izan eta Arrospidek eta Aierbe II.ak eskuratu zuten atzo Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela. Martxoaren 1ean Azpeitian neurtuko dira bi horiek Larretxearen eta Atutxa II.aren aurka.

Atzoko saioaren gakoa zutikako lanetan egon zen, hor atera baitzuten aldea irabazleek. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta nafarrak gailendu ziren. 26 kolpetan erdibitu zuten enborra, eta gipuzkoarrek, aldiz, lau gehiago behar izan zituzten.

Lopezek eta Vicentek bigarren lanean gehitu egin zuten aldea. Hor bi 45 ontzako erdibitu behar zituzten, eta minutu bat eta 39 segundotan moztu zituzten, eta sei segundo gehiago behar izan zituzten Aierbek eta Arrospidek.

Hirugarren lanean, ordea, Ataungoa eta Leaburukoa emaitzari buelta ematen hasi ziren. Oinbiko bat zutik moztu behar zuten txanda librean, eta 4.56ean bota zuten enborra. Hamalau segundo gehiago behar izan zituzten aurkariek, eta gipuzkoarrak aurretik jarri ziren.

Hala ere, kanporaketaren gakoa laugarren lanean egon zen. Kana-erdiko bat zutik eta beste bat etzanda moztu behar zituzten, eta ia minutu bateko aldea atera zuten Arrospidek eta Aierbek. 3.34 izan zen beren denbora, eta 4.30 aurkariena. Bi lan falta ziren amaitzeko, baina alde dezentea hartu zuten, eta finalerako txartela gertu jarri zitzaien Anjeli eta Iñakiri.

Bosgarrengoan, 80 ontzako enborra txanda librean moztu behar zuten, eta faboritoek irabazi zuten. 4.34 izan zen beren denbora, eta horrekin, minutu erdiko aldea lortu zuten.

Azkeneko lanean, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako txanda librean moztu behar zituzten. Azkeneko proba hori Lopezek eta Vicentek irabazi zuten, baina aurretik minutu eta erdi zuten galduta, eta ezin izan zuten finalerako txartelik lortu. 9.59 izan zen beren denbora, eta gipuzkoarrena, berriz, 10.40.

Amaieran, lan guztiak burutzeko, 25 minutu eta 58 segundo behar izan zituzten Aierbe II.ak eta Arrospidek, eta 26 minutu eta 47 segundo behar izan zituzten Lopezek eta Vicentek.

Atzoko neurketa aztertzerakoan, argi geratu zen, abiadurako probetan nafarrak hobeto aritu zirela, baina zutikakoetan, eta enbor handietan, teknika gehiago behar den enborretan, gipuzkoarrak askoz ere hobeak direla. Hortxe egon zen gakoa, eta horregatik ezin izan zuten irabazi. Izan ere, Lopezek eta Vicentek ezuste handia eman baitzuten final laurdenetan Peñagarikano eta Arria V.a kanpoan utzita, baina atzo ezin izan zuten halako ezusterik eman. Datorren astean aizkolariek atsedena izango dute, eta hemendik bi astetara Azpeitian final estua eta ederra iragartzen da.

Hasiera

Vicente eta Lopez oso indartsu abiatu ziren, lehenengo probetan aitzinetik jarri ziren, baina gero ezin izan zioten alde horri eutsi eta hala, ezin izan zuten finalerako txartelik lortu

Eskarmentua

Aizkoran eskarmentua garrantzitsua izaten da, horrek ematen baitu teknika, eta hor gipuzkoarrak askoz ere hobeak izan ziren, eta horri esker alde handia lortu zuten

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo