GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Kultur Erakundeak koska bat igo nahi du bere jardunean

Iragan udaran, Frantziako Kultura Sailaren Eskualde Zuzendaritzak (DRAC) Euskal Kultur Erakundearen (EKE) jarduera ebaluatzeko auditoria eskatu ondoren, abiadura berri batez ekitera pasa nahi du EKEk. Auditoria horrek argi eta garbi EKEk bere helburuak betetzeko duen «baliabide eskasia», agerian utzi ondoren, 250 ekintzaz osatzen den 2008ko egitasmoa aurkeztu du erakundeak, eta baliabideak nahi ditu orain, etorkizunean bere anbizioak bete ahal izateko.
p053_f01.jpg

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Berriak kezka sortu zuen. Joan den udan, erakundea zuzentzen duen Kultura Saileko Eskualde Zuzendaritzak (DRAC), auditoria bat agindu zuen, Euskal Kultur Erakundearen (EKE) jarduna ebaluatzeko. 2006ean, Hautetsien Kontseiluak EKEren hurrengo 10 urteetako plana onartu ondoren, kezka sortu zen DRACek erakundea beste kultur egituren barnean ito nahi zuelako, finantza eta erabaki arloan autonomia osoa ezabatuz.

Sei hilabete geroago, auditoriaren emaitzek argi erakusten dute EKEren arazo nagusia: egitasmo kultural mamitsu eta anbizio anitzekoa du, baina oinarrian duen finantziazioa ez da horri eusteko aski. Mikel Erramuzpe erakundearen zuzendariak, 2008ko egitasmoa aurkezteko egindako agerraldian, adierazi zuen auditoriaren emaitzekin «baieztatua eta lasaitua» sentitu zela. Auditoriak, DRACek hastapenean egin zuenaren aurka, EKEren lana ezbaian jarri ez, eta «beste abiadura bat» hartzeko gomendatzen dio erakundeari, «zuen helburuak bete ahal izateko».

Erakundeen eginkizuna

Erramuzpe «ezagututa» sentitu zen auditoriaren emaitzekin, eta EKEk bere kultur egitasmoa betetzeko baliabide gehiago behar dituela azpimarratu zuen. Gogoratu behar da, Euskal Kultur Erakundearen finantziazioa erakunde publikoek segurtatzen dutela. Euskal Herria 2020 plangintzaren kultur adarraren ildotik etortzen da finantziazio hori Estatuaren, Eskualdearen, Departamentuaren eta DRACen eskutik.

800.000 euroko aitzinkontua dute beren esku artean EKEren 8 langileek, eta aitzinkontu horrekin ipar Euskal Herriko euskal kulturaren sustapena bete behar dute. Haien egitasmo zabalean, besteak beste, 52 elkarteri laguntzak, edo 56 partaiderekin egiten diren elkarlanak daude.

EKE da euskarazko kulturgintzaren babesle bakanetarikoa Ipar Euskal Herrian. Baliabide arazoak tarteko, euskarazko kultur sorkuntzaz arduratzen direnak gehien-gehienetan ez dira profesionalak. Alta, DRACen gisako frantziar erakunde kultural handiek eragile kultural profesionalekin egiten dute lan. Testuinguru horretan, EKEren inguruko auditoria eskaera, frantziar kultura profesionalak euskarazko kultura amateurrarekiko duen destainaren erakusletzat har daiteke. Orain, auditoriaren emaitzen bidez EKE bere egitasmoan bermatua izan den honetan, euskal kultura sustatzeko baliabideak eskatzen ditu erakundeak, hein horretan, euskarazko kultura amateurrari bere txokoa duintasunez emateko: «Kultura profesionala eta amateurra ez dira kontrajarri behar» esan zuen bukatzeko Mikel Erramuzpe EKEko zuzendariak.

AUDITORIA

DRACek Euskal Kultur Erakundea ebaluatzeko eskatu zuen auditoriak argi erakusten du EKEk bere helburuak betetzeko «abiadura igo» behar duela, batez ere finantza iturriei dagokienez.

Egitasmo aberatsa prestatu du EKEk 2008rako

Abiadura handian aritzeko desiatzen dago Euskal Kultur Erakundea (EKE). 2008rako, eta esku artean dituen baliabide ekonomikoak kontuan hartuta, egitasmo aberatsa prestatu du. 250 ekintza eta 81 jarduera tematiko apailatu ditu EKEk hasi berria dugun urte honetarako.

Egitasmoak euskarazko ahozko ondarea hedatzeko, kulturaren hedapenean laguntzeko eta kultur arteko elkarlanak bultzatzeko helburuak bete nahi ditu.

Proiektuen artean, Nafarroa Behereko memoria kolektiboaren biltegia dago. Lurraldeko testigantzak urte osoan zehar bilduko dira eta artxibatutako materiala helburu pedagogikoekin erabiltzeko xedea du erakundeak.

Arlo artistikoan, Larzabalen artista egoitza bat antolatuko du EKEk. Igor Otxoa eta Arkaitz Martinez txalapartariak Larzabaleko harri diskoidalen inguruan sorkuntzan ariko dira. Azkenik, EKEk hainbat sorkuntza artistiko teknikoki eta diruz lagunduko ditu aurten ere. Nazioarteko trukaketak bultzatuko ditu, halaber.

E. Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo