GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Euskararen gidabaimena» abian jarriko dute Enkarterrin euskara sustatzeko

Eskualdean euskararen erabilera bultzatzeko asmoz, joko deigarri bat jarri nahi dute abian. Jokalariek hamabina punturekin ekingo diote; eta gainerako jokalariekin euskaraz egiten ez badute guztiak gal ditzakete.

GARA |

Enkarterriko Berbalagun proiektuak «Euskararen gidabaimena» jokoa abiaraziko du datorren martxoaren 3an. Ekimenaren helburua euskararen erabilera bultzatzea da, «modu parte hartzaile eta umoretsuan», eta, halaber, euskaldunen artean elkar ezagutzeko aukera gehiago eskaintzea. Berbalagun batzordeak, horrekin guztiarekin, Enkarterrin ere euskaraz bizi daitekeela erakutsi nahi du, euskaldunen hizkuntza ohituren aldaketa bultzatuta.

Bultzatzaileek nabarmendu dutenez, euskararen gidabaimenaren joko hau oso erraza da. Jokalari bakoitzari, euro baten truke, hamabi puntuko gidabaimena eta identifikatzeko txapa emango zaio. «Puntuak gordetzeko era bakarra jokatzen ari diren lagunekin euskaraz mintzatzea da; jokoak irauten duen bitartean derrigorrezkoa izango da, halaber, gidabaimena eta txapa aldean eramatea. Txapa horrekin jolaskideak identifikatzea posible izango da», azaldu dute antolatzaileek.

Hala, jokoan parte hartzen duen edonork kendu ahal izango ditu puntuak, baldin eta txapa badarama. Bestelako zigorrik ere bada; izan ere, gidabaimena soinean ez daramanari puntu bat kenduko zaio, «beraz, jokalari batek euskaraz egiten ez badu, eta gainera gidabaimena aldean ez badarama, bi puntu galduko lituzke».

Puntuak kentzeko bi modu daude: «Momentuan jolaskideari gidabaimena eskatu eta puntua kendu, edo `salaketa' jartzea telefonoz edo e-postaz». Horretarako, 946670312 telefono zenbakia eta enkarterri@aek.org helbidea erabiltzeko moduan egongo dira.

Galdu bai, baina parte hartzaileek puntuak berreskuratzeko aukerarik ere badute. Horretarako, eskualdean egiten diren euskaren inguruko ekintzetan parte hartu, edota jolaskide berriak topatu beharko dituzte.

Jokoa ekainaren 6an amaituko da. Egun horretan puntu gehien dituen pertsona sarituko dute. Antolatzaileen esanetan, sari bikainak daude aukeran: asteburu pasak, afariak, GPS-ak...

Jokoa lehenbizikoz, Balmasedan jarri zuen abian Ekintza gazte taldeak, «haien artean euskararen presentzia areagotzeko». Harrera ona izan zuen, eta Berbalagun batzordeari bururatu zitzaion Enkarterri mailan ere antola zitekeela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo