GARA > Idatzia > Euskal Herria

Auzitegi Nazionalaren desagerpena galdegin du August Gil Matamalak

18/98 sumarioaren epaiketan nazioarteko ikuskatzaile eta Europako Abokatu Demokraten elkarteko presidente ohia izandako August Gil Matamalak, Auzitegi Nazionalaren «desagerpena» eskatu du «Diagonal» egunkarian egindako elkarrizketa batean.

p013_f01_199x156.jpg

GARA |

«Diagonal» egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean, August Gil Matamala abokatuak Auzitegi Nazional espainolaren «desagerpena beharrezkoa eta premiazkoa» dela aldarrikatu du, justiziaren «benetako demokratizazioa» lortu nahi izanez gero. 18/98 sumarioaren epaiketan nazioarteko ikuskatzaile taldeko kide izan zen Gil Matamala, eta salatu duenez, epaitegi berezi horrek «irizpide politikoak» erabiltzen ditu «juridikoen gainetik», eta «agente politikoaren» lana betetzen du.

1960az geroztik abokatu lanetan aritu da, eta Bartzelonako Abokatuen Elkargoko Pertsonen Eskubideen Defentsarako Batzordeko sortzaile ere bada. Elkarrizketan dioenez, 18/98 sumarioaren epaiketan urratu egin dira Zuzenbide penalaren oinarrizko hainbat printzipio.

Hasteko, esan du akusazio eta defentsek ez zituztela «arma» berak izan. Izan ere, salatu duenez, auzipetuen abokatuek epaiketa hasteko hamar egun falta ziren arte ezin izan zituzten aztertu akusazioaren frogak jasotzen zituzten 200.000 orrialdeak, eta, gainera, hauek kokatu gabe zeude.

Aurretiazko eginbideak hamabosgarren sesioa arte ez zirela agertu ere jakinarazi du, eta hala ere, epaitegiak onartu egin zituela. «Ekintza hori bakarrik nahikoa da epaiketa baliogabetzeko», zehazten du.

Gil Matamalak salatu du, halaber, peritu batek izan behar duen inpartzialtasuna urratzen duela fiskalak peritu bezala aurkeztu izanak atestatuak egin zituzten guardia zibil berak.

Gainera, perituek atzemandako dokumentuen interpretazioa egin zutela ere kritikatzen du, hain zuzen ere, «hori inoiz egiten ez denean». Testu asko euskaraz zeudenez horrek arazoak sortu zituen.

Angela Murillo epaileak izandako jarrerari dagokionez, defentsa eta akusatuekin auzitegiak izan behar duen inpartzialtasunarekin zerikusirik ez zuela izan dio abokatu kataluniarrak, auzipetuei ez baitzien azaltzen utzi zergatik ez zuten nahi deklaratu.

Gil Matamalak sumarioaren instrukzioa nola joan zen gogorarazi du, eta Garzonek «dena da ETA» teoria hori «asmatu» egin zuela gaineratu du, baina Auzitegi Nazionalean inor ez dela ausartzen haren erabakiak zalantzan jartzen.

Galdeketa polizialak kentzea

Torturaren inguruan berriz, abokatu kataluniarraren iritziz erabat onartezina da hau «orokortzea eta praktika horiek inpunitatea» izatea. Gil Matamalak azaltzen duenez, kamerak jartzeak lagunduko luke, baina tortura desagerrarazteko, «galdeketa polizialak kendu» beharko lirateke, «ez deklaratzea konstituzionala baita».

Hein horretan, beste herrialde batzuetan poliziak, susmoak dituenean, entzunketak egiten ditu, eta delitu zantzu nabariak daudenean atxiloketa egin. Atxilotua ordu gutxitan auzitegien esku uzten da.

Horren adibidetzat aipatu duenez, Britainia Handian eta Estatu Batuetan itaunketak fiskalak egiten ditu, eta Estatu frantsesean epaileak.

IRIZPIDE POLITIKOAK

Auzitegi Nazionalak epaitzerakoan «irizpide politikoak» erabiltzen dituela «juridikoen gainetik», eta agente politikoaren lana betetzen duela dio Gil Matamalak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo